lunes, 4 de enero de 2010

Krisia dela eta, areagotzen ari da emakumeen lan arloko diskriminazioa (II)



'Beste «trikimailuak»'


Halako kanporatzeekin galtzeko guztiak dituztela kontuan hartuta, haurrak izan berri dituzten emakumeak lantokian ez jarraitzeko enpresariak bestelako «trikimailuak» erabiltzen ari direla nabarmendu dute Ibeasek eta Guarrotxenak. «Eszedentziak hartzeko aukera ematen diete, umeak zaindu eta haiekin gozatzeko aukera izango dutela esanez. Itzultzen direnean, ordea, ikusten dute ez dizkietela lehengo lan baldintzak errespetatu edo kanporatuak izan direla, adibidez».

Krisiaren ondorioz, halako egoerak ohiko bihurtzen ari direla azaldu du Guarrotxenak. «Ez bakarrik haurrak izan dituzten emakumeekin. Kapitalismoa nagusi den gizarte patriarkalak erabaki du une honetan ez dela interesatzen emakumeak lan merkatuan egotea, eta etxera bidali nahi gaituzte. Haurren zainketaz gain, mendekotasun legea jarri du horren adibide. «Zer egiten ari dira lege horrekin? Bada, gizarte zerbitzuak hobetu beharrean, emakumeei Gizarte Segurantza edo soldata txiki bat ematen ari dira, mendekotasuna duen senidea zaindu dezaten».

Bat datoz horrekin Erro eta Ibeas. Errok, gainera, EHUko ikastaroetan aipatu zen beste ideia bat ekarri du gogora. «Gobernuak krisi ekonomikoa gainditzeko hartzen ari diren neurri gehienak gizonezkoen sektoreetara bideratuta daude: etxegintza, autogintza... Krisiaren genero eragina ez dute kontuan hartuta, eta betiko joerarekin hartu dituzte neurriak». Guarrotxenaren ustez, berriro ere agerian geratu da emakumeen ikusezintasuna. «Emakumeak beti bizi izan dugu krisi egoera hori eta salatu egin behar dugu, agerian gera dadin».

Hori guztia kontuan hartuta, erakundeen jarrera salatu du Guarrotxenak. «Politikoki zuzena delako, berdintasuna aipatzen dute beren politika eta diskurtsoetan. Baina benetako neurriak eta erabakiak hartu behar direnean, ez dute inolako aurrerapausorik ematen». Ibeasi ez zaizkio «nahikoak eta eraginkorrak» iruditzen hartzen diren neurriak. «Batere onurarik ekartzen ez duen berdintasun mezu faltsu bat hedatu da jendartean. Lanketa ideologiko bat ondo dago, baina berdintasun hori aurrera eramateko tresna errealak abian jartzen badituzu. Lanean eta bizitza pertsonalean ditugun proiektuak uztartu behar dira neurri horien bidez, eta oraingoz ez da egin». Errok ere aitortu du berdintasun formala lotzeko bidea luzea dela. Haren ustez, halere, ez da ahaztu behar Berdintasun Legea gisako tresnak berriak direla. Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen, eta Espainiako Gorteek 2007an. «Islandiakoa 1976koa. Pentsa dagoen aldea». Legeak betetzeko, gainera, neurriak jarri behar direla nabarmendu du Errok. «Gurearen moduko erakundea izan liteke horietako bat. Baina guk ez dugu zigor eskumenik, eta zigorrik gabeko legeak askotan hutsalak dira».

No hay comentarios:

Publicar un comentario