sábado, 2 de enero de 2010

Emakumeak lan munduan (I)







Diskriminazio laborala ez da bukatu, hegoaldeko emakumeen enpleguak azken 25 urteetan izan dituen aldaketen gaineko ikerlana egin du LAB sindikatuak. Bertan ageri denez, Hegoaldeko lanpostuen % 38 besterik ez dute betetzen emakumeek, gehienbat zerbitzuen sektorean (%82).


I. Diskriminazio laborala ez da bukatu

Datorren martxoaren 8an egingo da mundu osoan emakume langileen nazioarteko eguna; baita Euskal Herrian ere. Hemen, kolektibo feministek eta langileenek eta haien sindikatuek festa-giroan ospatzen dute, baina baita errebindikazio giroan ere. Hitzaldiek, mahai-inguruek eta manifestazioek osatzen dute egun horretako menua, eta gairik presenteenetako bat, zalantzarik gabe, emakumeen kolektiboak etengabe nozitzen duen diskriminazio laborala izango da. Diskriminazio horri eskaintzen diogu txosten hau, festa eta errebindikazio giroko egun horretarako ekarpen moduan.

Emakumeen diskriminazio laborala antzinatik datorren kontua bada ere, XXI. mendean bete-betean gauden honetan, lehengoan segitzen du, modu askotan eta ikuspuntu guztietatik: hasi familiatik eta auzoraino, herriraino, enpresaraino eta are administrazioraino ere. Adibide lotsagarri moduan, pentsioen ardura duen Espainiako administrazio publikoak berak emana. Gogoan izango ditugu hango ordezkarietako batek oraindik orain esandakoak; alegia, emakumeei gizonei baino pentsio txikiagoa ordaindu behar litzaiekeela, aurreikusitako bizialdia gizonena baino luzeagoa dutelako!

Joan den otsailaren 5ean egin zuen Toledoko Ituneko lehendakariak, PPko Fernando Fernandez Troconizek, hain adierazpen eskandalagarria. Nork eta Toledoko Ituneko lehendakariak, instantzia horretan erabakitzen baita, besteak beste, pentsioen eboluzio ekonomikoa. Iritzi publikoan kausatutako eskandalua ikusi eta gero egin duen zuzenketa hipokritak ez du batere desenkusatzen, zeren esan zuenak PPren baitan dagoen planteamendu bati erantzuten baitio. Espero izatekoa da Toledoko Itun horretan biltzen diren gainerako pertsonek, bereziki sindikatuek eta ezkerreko talde politikoek, beti errefusatuko dituztela gisa horretako planteamenduak edo intsinuazioak.

II. Euskal herriko emakume langileak eta baldintzak

Hegoaldeko emakume langileek azken 25 urteotan izan duten egoera aztertu du LAB sindikatu abertzaleak, txosten zabala egin baitu horren gainean. Gu hartaz baliatuko gara, hango datuak emateko, interes handikoak baitira. Horrela, emakumeen enpleguan 1977. urtetik 2000ra bitartean gertatu diren aldaketak aztertu ditu. Urte horiek, Hegoaldeko Euskal Herrian, emakumeak lan merkatura sartu izanak markatu ditu. Hala ere, txostenak agertzen duenez, emakume langileek enpleguen %38 bakarrik betetzen dute gaur egun, eta langabezian dauden pertsonen %64 emakumezkoak dira. Ikerketak orobat erakusten du emakumeak batez ere zerbitzuen sektorearen bitartez sartu direla lan merkatura. Sektore hori da, hain zuzen, lan merkatuaren prekarizazioa gehien nozitzen duena, aldi baterako kontratuen bidez. Halaber, emakumeek jasaten dituzte enplegu eta soldata baldintzarik okerrenak.

Txostenak aitortzen duenez, azken 25 urteotan, emendatze nabarmena izan du emakumeak lan mundura integratzeak. Horrela, Hegoaldean, 1977. urtetik 2000ra bitartean, emakume enplegatuen populazioa 150.000 lagun baino gehixeago emendatu zen. Integrazio horrekin batera etorri da, ordea, lan merkatuan sexuagatik diskriminatuak izatea. Gainera, detektatu da merkatu horretan sartzeko ia bide bakarra, emakumeentzat, zerbitzuen sektorea izan dela. Horrela, 2000. urtean, hogeita hiru urte atzerago baino 163.000 emakume gehiagok egiten zuten lan zerbitzuen sektorean. Aldiz, eraikuntzaren sektorean, 3.500 emakume baino gutxi gehiago emendatu zen kopurua, eta, industrian, 220 emakume gehiago besterik ez. Nekazaritzan, ordea, 16.900 emakumeko murriztea gertatu zen urte bitarte berean.

Sindikatu abertzalearen ikerlanak azaltzen duenez, 1977tik hona, enplegua %10,8 hazi da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bada, gizonezkoen kasuan, %7,4 gutxitu zen, eta emakumezkoen enplegua, berriz, %63,1 gehitu. Horrela, emakumezkoen enplegu tasa hamahiru puntu gehitu zen; alegia, gizonezkoen artean enplegu tasak galdu dituen puntuak, gutxi gorabehera. Aldakuntza horren arrazoia industria birmoldatzeko prozesuetan kokatu behar da, aurrez erretiratzeko prozesu frankori eman baitzieten bidea; bereziki, siderurgikoa, ontzigintza, etxetresna elektriko, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario