lunes, 4 de enero de 2010

Krisia dela eta, areagotzen ari da emakumeen lan arloko diskriminazioa

Haurdun geratzeagatik kaleratuak izan diren emakumeek Eusko Jaurlaritzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsorian jasotako kexak igo egin direla gogorarazi zuen duela aste batzuk EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan Maite Erro defendatzaileak. Emakumeak lan munduan jasaten duten diskriminazioetako bat da hori. Krisiarekin halako diskriminazio egoerak areagotu egin direla salatu dute sindikatuek eta emakumeen eskubideen aldeko taldeek, eta lan munduan berdintasuna bermatze aldera «neurri errealak» eskatu dituzte.

Diskriminazio egoera horiek saiheste aldera, Eusko Jaurlaritzak 2006an jarri zuen martxan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoria. Errok azaldutakoaren arabera, gaur egun iristen zaizkien kasuen hiru laurdenak lan munduari lotutakoak dira. Haurdun geratzeagatik kaleratuak izan diren emakumeei dagokienez, 29 kasu izan ditu esku artean Defentsoriak lau urte hauetan. (Berria, 08-09-09)

LAB sindikatuko Zaloa Ibeasek nabarmendu du emakumearekiko diskriminazioa lan elkarrizketetatik bertatik hasten dela. «Esaten da lan elkarrizketetan ezin direla galdera pertsonalak egin. Baina hori ez da sekula betetzen. Emakumeoi beti galdetzen digute umeak ditugun edo izan nahi ditugun. Gizonezkoei ez dakarkie ondoriorik».

Haurdun geratzeagatik kaleratua izanez gero, egoera oso desberdina da enpresaren edo lantokiaren tamainaren arabera. «Enpresa handietan langilea babestuago dago sindikatuen aldetik. Kaleratzea denda txiki baten gertatuz gero, ordea, ez da horrela izaten. Ez dago babeserako antolakuntzarik, ezta borroka sindikalerako espaziorik. Hori dela eta, emakume askok ez dute gertaera salatzen», dio Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxenak. Autokritika egin, eta sindikatuen aldetik bideratu beharreko zerbait dela aitortu du Ibeasek. «Eredu sindikal maskulino batekin funtzionatzen dugu oro har. Horrek zailtasunak sortzen ditu nagusiki emakumeenak diren sektore batzuetara iristeko eta emakume horiek benetako borroka sindikal aktibo baten inguruan biltzeko».

Kaleratua izaten denean emakumeak 20 egun ditu epaitegietan salaketa jartzeko. «Oso epe txikia», salatu du Errok. Halako kanporatzeak baliogabeak dira, eta emakumea ez duela haurdun egoteagatik kanporatu frogatu ezean, enpresariak berriz onartu beharko du emakumea lantokian. «Oso gutxi dira, halere, epaitegietara jotzen duten emakumeak. Izan ere, oso gogorra da epaiketa, eta halako zerbait egin dion pertsonarekin berriro ere lan egitea», dio Guarrotxenak. Kasu gehienetan, akordio ekonomikoa izaten da enpresariaren eta langile kaleratuaren artean. «Hor ere adi egoten gara, ematen dioten kalte-ordaina dagokion lan baldintzen araberakoa izan dadin», azaldu du Errok.


No hay comentarios:

Publicar un comentario