miércoles, 25 de noviembre de 2009

Salduta!


Emakumeen aurkako indarkeriaren egun internazionala

Gaur azaroak 25 emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egun internazionala da.
Orain dela hainbat urte ospatzen da egun honetan emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egun nazionala baino, ez ahal gara inoiz galdetu zergaitik egun honetan eta ez beste batean?
Data hori aukeratzearen arrazoia hiru emakume borrokatzaileren eraila gertatu zelako da.
Minerva, Patria eta María Teresa Mirabal arreben omenez. Emakume hauek bidezko-gizarte bat lortzeko borrokatzen zuten Dominicar Errepublican eta Leonidas Trujillo, garai horretan D.E. Ren diktadorea zena, hil zituelako 1960ko azaroaren 25ean.
Minerva eta Maria Teresa beren senargaiak espetxera bizitatzera zijoazela beren arreba Patriarekin, Militar Zerbitzuko Inteligentziak bide bakarti batean geldiarazi egin zituen. Militarrek, hiru emakumeak gertuko kanaberadi batera eraman zituzten eta hor tortura gogorrenak egin zizkieten, dominikar historian zehar hilketa lasgarrienaren biktimak izan ziren hiru borrokatzaileak. Geroago, odolez beterik, kolpez txikituak, urkatuak etab. etorri ziren karruan berriro jarri eta amildegi batetik bota zituzten istripu bat simulatzeko.
Mirabal arreben eraila eragin handia izan zuen estatu osoan. Baino balio izan zuen biztanleriaren artean aderri espiritua berri ere berpizteko eta demokrazia bultzatzeko gogoak sutan jartzeko, giza-eskubideak bermatu ahal izateko.
Patria, Maria Teresa eta Minerva emakume ausartak, beren bizitzak arriskuan jarri eta galdu egin zutenak, emakumearen kausa defendatu zutenak, itxaropenez eta indarrez betetzen gaituzte borrokatzen jarraitzeko. Emakume eta gizonen arteko desberdintasu gabeko gizarte bat lortu arte, emakue eta gizonak giza senidetasunean bizi ahal izateko.
Ezin dira ahaztu bizitza galdu duten hainbat ama, ahizpa, izeba, amona, lagun, auzokide, emazte... Emakume guzti ohien ohorez ospatzen da egun hau, eta joan direnak, orain gaudenak eta etorriko direnen esku borroka jarraituko du, gizarte guztietan emakumeen papera inor eta ezeren azpia egon arte.
Gaur emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzera animatzen ditut gizon eta emakume guztiak. Denok kalera berdintasunaren alde!!!!
Gasteiz: Andra Mari Zuria Enparantzan arratsaldeko 20:00
Bilbo: Alde Zaharreko gizarte etxean 20:00
Donosti: Bulebarren 19:30

martes, 24 de noviembre de 2009

Zer egin sexu-eraso baten aurrean?

1.-Hurbilen dagoen ospitalera jo, medikuak aztertzeko (eta azterketa ginekologikoa egiteko). Garbitu gabe eta arropaz aldatu jabe joan.

2.-Oso garrantzitsua da ikerketa judizialerako baliagarria izan daitekeen froga posibleak ez desegitea: esaterako, arropetako aztarnak, gertakarien tokiko aztarnak, biktimaren gorputzekoak, etab.

3.-Salaketa guardiako epaitegian edo polizia-etxean aurkeztu, medikuaren ziurtagiriarekin batera.

4.-Edozein arrazoirengatik, lehendabizi Ertzaintzara edo udal-poliziara joan bazara, beraiek lagunduko dizute ospitalera eta beraiek abisatuko dute epaitegira.

5.-Akusazio partikularra egikaritzeko, komeni da etxeko indarkerian espezializatutako abokatu partikular baten edo txandaz izendatutako abokatu baten zerbitzu profesionalak eskatzea (biktimaren interesen araberakoa izango da) Garrantzitsua da legezko aholkularitza lehenbailehen hastea, gertakarien ikerketa eta delituaren erantzuleen identifikazioa legean ezarritako berme guztiekin egiteko.Dena den, salaketa jarri baino lehen komeni da Biktimari Laguntzeko Zerbitzura joatea, aholkularitza jasotzeko.

6.-Fiskaltzak akusazio publikoa egikarituko du beti, nahiz eta biktima akusatzaile partikular gisa ez agertu.

7.-Komenigarria da bortxaketa edo beste sexu-eraso baten biktimak laguntza psikologikoa eskatzea. Horretarako, zerbitzu hauek daude biktimen esku: Biktimei Laguntzeko Zerbitzua (BLZ), lurralde historiko bakoitzeko Justizia Jauregietan, tratu txarren eta sexu-erasoen biktimentzako Foru Aldundiak ezarritako zerbitzuak, udaletako zerbitzuak, etab.
8.-Sexu-erasoen biktimen laguntza psikologikoko gastuei aurre egiteko kalte-ordainak aurreikusten dira Indarkeriazko Delituen Biktimei buruzko Legean.

9.-Biktimak eskubidea du kondenatuarengandik delitutik eratorritako kalte-galera guztien (materialen eta moralen) kalte-ordaina jasotzeko. Erasotzailearen kaudimenaren mende egongo da eraginkortasuna.

jueves, 19 de noviembre de 2009

Genero indarkeria: emakumeen minbizia

Genero indarkeria gaur egungo gizartearen minbizia da. 2004an, bederatzi emakume hil ziren Euskal Herrian, tratu txarren ondorioz. Zerk bultzatzen du zenbait gizon emakumeak erasotzera? Txikitatik ikasten al dira halako portaera bortitzak?

Zoritxarrez, emakumearen aurkako indarkeria eguneroko albiste da. Beraz, gizartean dagoen errealitate beltz baten ispilu da: makina bat emakumek jasaten dute genero indarkeria. Ertzaintzat eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, iaz 2.030 emakumek salatu zuten genero indarkeria Hego Euskal Herrian, hau da: egunero bost batek! Badira, gainera, beldurrak jota erasotzailea salatu nahi ez duten emakumeak. Salatu ala ez, haren eskuetan hiltzen dira batzuk.

Erasotzaileen artean ez dago adinik

Salaketak jarritako emakume gehienak 35-55 urte bitartekoak dira; hala ere, gehienak gazteak dira.

Erasotzaileei dagokienez, ez dago adinik. Hala dio Javier Madina psikologo donostiarrak: "Muturreko kasuetan helduak dira nagusi, baina gazteak ere badira". Madinak erasotzaileekin terapiak egiten ditu, eta dioenez, ez dago erasotzailearen profil psikologiko jakina zehazterik, baina guztiek ezaugarri komunak dituzte: oso matxistak dira, emakumea gutxiesten dute, oldarkorrak dira… "Halako jarrera bortitzak ez dira derrigor haurtzarotik antzematen: Batzuk bortitzak dira txikitatik, familiarekin, lagunekin… eta jarrera hori mantentzen dute bikotekidearekin, eta seme-alabekin. Hala ere, gehienek bizitza normala dute, eta ez dirudi arazoak dituztenik; baina, batzuetan, bortitzak dira bikotekidearekin. Halako erasotzaileak ezin dira aldez aurretik antzeman".

Gizonezkoak etxeko errege

Zerk bultzatzen du pertsona bat ondoko emakumea erasotzera?

Esaten denez, etxean ikusitakoak eragina du pertsonen jarreran eta portaeran. Haur batek, bere ama aitaren menpeko, erabakirik hartzeko gaitasunik gabe, eta besteen gutizien zerbitzura ikusi badu, etorkizunean bikotekidea hala ikusiko duela pentsa daiteke. Madinaren ustez, kasu batzuetan hori horrela da, eta emakumeak gizonezkoak egindako irudiarekin bat egiten ez duenean, matxinatzen denean, orduan sortzen dira erasoak. "Hala ere, erasotzaile asko askeago hezi dituzte. Kontua da, etxean errege izan direla, eta status horri eutsi nahi diotela. Edozein kasutan, emakumea gizonaren zerbitzari izan nahi ez duenean, orduan hasiko dira arazoak".

Beraz, neskak eta mutilak berdintasunean heztea ezinbestekoa da halako portaerak saihesteko. Etxea litzateke landu beharreko lehen esparrua, baina ikastetxean ere lan handia egin behar da. "Gaur egungo neska-mutilek garai batean baino heziketa zuzenagoa dute, baina oraindik ere okerreko portaerak ikus daitezke eskoletan: esaterako, gaztetxo askok mutilek pribilejioak dituztela uste dute".

Berdintasuna ezinbesteko

Azken urteetan, neska-mutilak berdintasunean hezteko eta genero indarkeria aurreikusteko programak abiatu dituzte ikastetxeetan. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, "Nahiko" programa abiatu zuen duela bi urte. Bizkaiko ikastetxe batean eta Gipuzkoako hiru ikastetxetan garatzen ari dira programa hori, tartean Idiazabalgo herri eskolan. "Gure eskolan berdintasunean hezi gaituzte, baina zenbait kasutan, mutilek neskak baztertzen dituzte. Gainera, neskak eta mutilak taldeka ibili ohi dira, elkarrekin nahastu gabe. Programa egiten hasi ginenetik hori guztia aldatzen ari da", dio Joseba Arrizabala Idiazabalgo herri eskolako ikasleak. Iritzi berekoa da Maialen Mendizabal ikaslea ere: "Gaur egun, lagun artean neska-mutilak batera ibili ohi gara, nahastuta, eta hori ona da".

Josune Jauregi bertako ikasleak ere begi onez ikusi du ekimena: "Hiru esparrutan lan egiten dugu: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Neska-mutilek etxean ikusitako eredua errepikatzen dute, eta etxean berdintasunik ez badago, haurrak emakumea gutxietsi dezake. Eskolan, bestelako eredua jasoko du, ordea".

Azken urteetan kasu gehiago

Esan bezala, genero indarkeria eguneroko kontua da. Estatistiken arabera, kasuen bataz bestekoa gora egiten ari da nabarmen. Zergatik? Madinak eman digu erantzuna: "Garai batean, emakumeak isildu egiten ziren, eta ez zuten harremana bertan behera uzten. Azken 30 urtetan, ordea, emakumeen artean bilakaera garrantzitsua gertatu da: emakume asko ez daude halako portaerak jasateko prest, eta genero indarkeria emanez gero, bertan behera uzten dute harremana. Horrek gizonaren portaera bortitza areagotzen du, eta zenbaitetan kasua hilketan amaitzen da".

Eta gizonekin zer gertatu da? "Gizonak atzera geratu dira. Dagoeneko ez dira klan-aren buruzagiak, eta horrek ezinegona sortzen die. Ez dituzte errealitate horri aurre egiteko baliabideak, eta galduta daude", esan digu psikologo donostiarrak.

martes, 17 de noviembre de 2009

Sexu-indarkeria

Sexu-erasotzat jotzen dira, beste pertsonaren adostadunik gabe gauzatzen diren izaera sexualeko jokabide guztiak. Honelako jokabideak hartzen ditu: exhibizionismoa, hitz lizunak, zirriak, laztanak, bortxaketak etab.

Hiru motatako sexu-erasoak beriztu daitezke:

- Sexu-erasoak: Indarkeria edo larderia tarteko direla gertatzen diren erasoak dira. Kasurik argiena bortxaketa da, bortxaketaren forma guztiak. hain zuzen.

- Sexu-abusuak: Indarkeriarik edo larderiarik gabe egiten diren erasoak dira. Hemen sartuko lirateke nahimena edo adimena gutxiagotuta edukitzeagatik baliozko adostasunik eman ezin dezaketen pertsonen aurka egindako abusuak.

- Sexu-jazarpena: Sexu-izaerako erasoak dira, hitzezkoak, hitzik gabekoak edo fisikoa, laneko, eskolako edo antzeko harremanen barruan gertatzen direnak. Honakoak izaten ditu xede eta ondorio: pertsonaren duintasunari erasotzea edo pertsonaren inguruan aurkako giro beldurgarria, laidogarria, umiliagarria eta iraingarria sortzea.

Bestelakorik pentsa daitekeen arren, sexu-erasoak askotan familiartekoengandik edo ezagunengandik etortzen dira.

Sexu-erasoek, kalte fisikoez gain, ondorio psikologiko larriak eragiten dituzte biktimengan. Ondorio horiek luzaroan irauten dute erasoaren ondoren eta eskuarki, laguntza psikologiko espezializatua eskatzen dute gainditu ahal izateko.

Akotan sexu-erasoak ez dira salatzen. Ez salatzen horren arrazoia da orain arte beti izan dela tolerantzia zabala gizartean horrelako jokabideen aurrean, eta elkarrekin lotuta dauden beste eragile batzuk ere badira, hala nola: erasotzaileak zigortu egingo duen beldurra, edo gertatutakoaren errudun joko duten beldurra, gertatutakoa jendearen agerian geratuko den lotsa, familiaren edo gizartearen babesik eza, erasoak biktimaren gogoan eragindako nahastea edo azaldu psikologikoa, informazioarik eza etab.

lunes, 16 de noviembre de 2009

Indarkeria sexistari buruzko oker batzuk

Joan den astean, gure herrialdean berriki gertaturiko eraso sexistarik bortitzenetako biren berri jakin dugu: batean, emakume gazte bat hil du bikotekideak, Santurtzin; bestean, sexu eraso bortzitza egin diote emakume gazte bati, Bilbon. Zoritxarrez, asteroko estatistika askoz ere zabalagoa da, nahiz eta bi gertaera horiek komunikabide guztietan agertu diren, beren gordinkeria eta lazgarrikeria guztiagatik. Seguruenik, herritar asko lotsaturik eta haserre sentituko gara, ikusirik mundu honetan emakume izatea arrisku larria dela oraindik ere. Orain, erasotzaileak salatu eta arbuiatu besterik ezin dugu egin, eta biktimei elkartasuna eta konpromisoa adierazi, baina berandu da jadanik. Bitxia da, baina kasuetako bat genero indarkeriako epaitegi deitzen zaien horietako batean epaituko dute -deitura okerra da inondik ere, gakoa sexismoa baita-, eta bestea, berriz, sexu erasoa, ez dute genero indarkeriatzat joko.

Azken urteotan, ikusi dugu agerian geratu dela harreman afektiboetan gertatzen den indarkeria sexista, baina horrek ekarri du indarkeria sexista zatika ikustea, bere osoan ikusi beharrean. Analisi oker larria da, eta, ondorioz, mito eta jarduera oker asko zabaldu dira, NBEren hitzetan esanda, «gizadian gehien zabalduriko krimen ezkutukoa» eragozteko eta borrokatzeko baliabideak lantzerakoan.

Zein dira oker horiek? Aurrenak zerikusia du indarkeriaren zergatiarekin eta sorburuarekin. Argi dago, zerbaiti tratamendu egokia jarri ahal izateko, ezinbestekoa dela, arazoa aztertu eta borrokatzea ez ezik, diagnostiko etiologiko ona egitea ere. Ikus dezagun banaka zer galdera egin beharko genituzkeen:

Munduan ba al da indarkeria espezifiko bat emakumeen kontra, emakume izateagatik? Erantzuna, zoritxarrez, baiezko borobila da.

Nondik dator? Indarkeria horren sorburua, azken 30 eta gehiago urtean organizazio feministek salatu dugun bezala, sexismoa da, eta ez besterik; sexismoa indartu egiten da indarkeria erabilita, eta, era berean, sexismoarentzat irauteko tresna bat da indarkeria. Sexismoak jokabideak (generoa) zehazten segitzen du, eta boterea banatzen, sexuen arabera.

Ezin ahaztu dugu indarkeria zerbaitetarako tresna bat dela erabiltzen duenarentzat, baina, era berean, menperatu nahi den zernahi talde zapaltzeko baliabide ezin hobea dela, kasu horretan emakumeak zapaltzeko. Indarkeriari heltzeko orduan, kontuan izan behar dugu ez direla kasu bakanak, baizik eta egitura sexista baten barrenean daudela, egitura horrek zilegitasuna ematen diela eta, horregatik, delitu bakarra dela non biktima errudun sentitzen den eta erasotzailea bere delituaren ondorioen biktima sentitzen den, «azken batean egin behar zuena egin baitzuen, tratu txarrak ematen baditu, edo emakumeak probokatu baitzuen, sexu erasoa egin badu».

Matxista bortitzenek 70-90 emakume hiltzen dituzte urtean, baina indarkeriak baditu beste datu odoltsu batzuk Espainiako Estatuan; esaterako, bi milioi emakumeri baino gehiagori tratu txarrak ematen dizkiete (Emakumearen Institutua, 2005), eta zortzi bortxaketatik bat bakarra salatzen da, guztira 20.000 izaki (Urra, 2003). 2000. urtean, Europako Kontseiluak ohartarazi zuen indarkeria sexista dela 16-44 urte bitarteko emakume europarrak hiltzeko edo elbarri gelditzeko lehen eragilea. Indarkeria, zuzenean, emakume jakin batzuek sufritzen dute, baina, oro har, emakumeek beldurra diote indarkeriaren biktima izateari. Horren ondorioz, emakumeok bizitzan dugun jarrera «nahi bai baina ezin» halako bat da, eta gizonena, aldiz, «nahi dut edo ez dut nahi».

Indarkeria sinboliko horren erakusgarri bat agertzen da gure inguruko emakumeei galdetzen diegunean ea berdin eta toki berberetan ibiltzen diren egunez eta gauez. Autodefentsa feministako ikastaroetan dabiltzan emakumeek, esaterako, esaten dute emakume izatea dela segurtasun falta eragiten duten faktoreetako bat. Segurtasun falta edo beldur horrek ederki mugatzen ditu giza eskubideak, eta, era berean, ederki mugatzen du modu librean aukeratzeko gaitasuna. Beraz, defizit demokratiko larria dakar.

Baina orain galdetu beharko genuke nola indartzen den gizartean emakumeen beldurra eta ahultasun sentipena, eta nola indartzen den indarkeria maila batzuen erabilera «toleratzeko modukoa», bai kultura transmititzeko tresnen bitartez -emakumeen gorputza objektu bihurtuta, maitasuna jabetza gisa hartuta, maite zaituenak negar eginaraziko dizula sinetsarazita...- eta bai gazteei bidaltzen dizkiegun mezuen bitartez -«kontuz zer egiten duzun, norekin zoazen, ero asko dabil kalean»-; horrek guztiak segurtasun falta handitu besterik ez du egiten, mezu horiek ez baitute azaltzen norengandik edo zergatik babestu behar dugun geure burua, eta ez baitigute erakusten nola babestu behar dugun. Gainera, horrek guztiak lagundu egiten du emakumea erruduntzat jotzen zerbait gertatzen bazaio, eta uste ustelak zabaltzen ditu erasotzaileari eta haren motibazioei buruz. Alde horretatik, nahikoa da gogoraraztea nola erantzun ohi duen erasotzailearen inguruak, haren delituen berri dakienean: gizon «normala» dela esan ohi du. Bi elementu interesgarri daude horretan: bata, zer den gizon normala izatea, beharbada normaltzat jotzen delako gizonek portaera sexistak izatea; bestea, erasotzailea zer gizon mota izatea espero dugun.

Horiek denak beharrezko elementuetako batzuk besterik ez dira, beharrezkoak gaia aztertu eta konponbide eraginkorrak emateko. Izan ere, indarkeria hori sexista eta egiturazkoa dela ahazten badugu, ezinezkoa da indarkeria selektibo, zabaldu eta unibertsal hori aztertzea eta borrokatzea.

Zoritxarrez, bi emakume horientzat berandu iritsi gara, eta orain justizia sistemak jardun behar du delitugile horien kontra. Baina ez dugu ahaztu behar gure esku dagoela erasotzaileak geldiaraztea eta, gure kontzientzia ez-sexistaren bitartez, haien ekintzei zilegitasuna kentzea. Horregatik, lanean segituko dugu kalean, tabernetan, ikastetxeetan, lantokietan, etxeetan eta nonahi, sexismoa eta haren indarkeria borrokatzeko eta salatzeko. Konpromiso garbi batekin: nik ez baitut erasorik egiten eta ez baitut onartzen inork emakumeei erasotzerik.

viernes, 13 de noviembre de 2009

Indarkeria generoa jasaten duten emakumeen ondorio psikologikoak


Waker eta Dulttonek definitu zuten indarkeria generoa jasan duten emakumeen sindromea. Sindrome honen ezaugarri nagusia emakumeak indarkeria ematen den egoerari egokitzeko gaitasuna da. Honako hau, indarkeriak sortutako min psikologiko eta psikikoa niminotzean, haiek ezeztatzean, disoziazioan, edota bere burua, beste jendea eta mundua ikusteko modua aldatzean oinarritzen da. Baita ere garatu dezakete “estres postraumatikoaren sindromeak”: depresio sentimenduak, disfuntzio sexualak, jarrera adiktiboak, autoestima baxua, amorrua, erruduntasuna, barneko opila eta zailtasunak harreman pertsonaletan.
Bizitako indarkeria egoeraren ondorioz, emakume hauek lo egiteko zailtasunak dituzte; ametsgaitzak(denbora guztian alertan daude; hiperbigilanteak, asekorrak, kontzentrazio arazoekin) non bizitakoa berbizitzen dute. Gainera, emakume hauek daukaten nibel handiko antsietateak beren osasunean ondorio latzak ekar ditzakete, alterazio psikosomatiko eta depresio handiekin batera.


Xehatutako emakumearen sindromearen garapena

Marie-France Hirigoyen xehatutako emakumeen sindromearen garapenean bi fase desberdindu zituen; menpekotasun fasea eta epe luzeko fasea.
Lehenengo fasean, emakumea nahastuta eta desorientatuta dago, bere itentitateari eta errealitateari uko egitera ailegatu dezake. Bere erasotzailearen erruduntasuna ukatu egiten du eta honek errealitatea ez ikustea eragiten dio biktimari. Erasotzaileak biktimaren bizitzan sortutako zentsu falta dela eta biktima nekatuta sentitzen da, ezin du arrazionalki ulertu bere bizitzan gertatzen dena. Bakardadea sentitzen dute bai gizartearen barnean, bai bere familiaren barnean. Beti tentsioan daude, beren bikoteak erantzun erasokor bat noiz izango duen beldur.
Marie-France Hirigoyen epe luzeko eraginak biktimak beren errealitateaz jabetzen den momentutik hasten direla esaten du. Emakumeak bizi duten benetako errealitateaz konturatzean, hasierako “shok” bat jasaten dute, non engainatuak, lotsaritutak eta minduta sentitzen dira. Gainera ohikoa da axolagabekeria eta arduragabekeria sentitzea, inguratzen dieten gauza eta pertsonengandik interesa galduz.

martes, 10 de noviembre de 2009

Azaroaren 25ean denok kalera!

Azaroaren 25ean: Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna


Azaroaren 25ean Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Badakigunez, emakumeek pairatzen duten bortizkeria matxista geure gizarte sexistaren ondoriorik kaltegarrienetakoa da. Izan ere, eraildako emakumeen kasua jarduera lazgarri honen ondoren ikusgarriena bada ere, egunero-egunero, ageriago edo gordeago, etengabe gertatzen da erasokeria hau.
1981eko uztailean, Latino Amerikako lehenengo bilgune feminista ospatu zen, bertan azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna deklaratzea erabaki zen, Mirabeleko ahizten oroimenez, Trujilleren errejimen pean erailak.Hau ez da ospakizunerako eguna, sufritzen duten miloika emakumeen egoeraz urte osoan gure buruan egon behar lukeen hausnarketa baizik. Batzuk isiltasunean, beste batzuk bere arduragabetasunarekin uzten duten iritzi publikoaren begiradaren pean.Emakumeak sufritzen dugun indarkeria, gizarte honetan bizi dugun desberdintasunaren islada besterik ez da. Genero batek bestearenganako duen lehentasuna baieztatzeari usten ez bazaio, berdinatsunerako, pakerako eta garapenerako bidea ezineskoa izango da.Izugarrikeri hauekez ahazteko, azaroaren 25ean, Euskal Herri osoan zehar konzentrazio eta manifestazioak ospatuko dira:
Bilbo- 12:30h Manifestazioa ArriaganSanturtzi: gizonak indarkeria matxistaren aurka
Gasteiz: Indarkeria sexistari aurre eginez ikasleok kalera!
Donostia: 13:00etan Boulevardetik.Gasteiz: 13:00etan Korreosetik.Iruña: 12:00etan,Gaztelu plazatik.

lunes, 9 de noviembre de 2009

Ikusezintasuna

Orain dela gutxi arte, tratu txarrak ez dira hartu benetan diren bezala, hau da, arazo sozial eta politiko larritzat. Orain arte, gizartean sakon errotutako printzipio eta uste batzuk egon dira, gizarteak berak aldeztuak; horien erruz, hain zuzen, gorde izan dira ezkutuan tratu txarrak. Ondoren, printzipio eta uste batzuk aipatuko eta aztertuko ditugu:

- Familiaren batasuna zaindu behar da: Familiaren batasuna pertsonen duintasuna eta babesaren aurretik jartzea oso arriskutsua da, izan ere, jarrera horren ondorioz, pertsona arrotzen artean inoiz onartu ez ziren egintza edo jokamoldeak onartzen dira familiaren baitan. Horrela, jokamolde horiek ez direnez ez aipatzen ez eta zigortzen ere, biktima babesik gabe usten dugu gizartearentzat kaltegarriak diren jokamoldeen aurrean. Jokamolde horiek pertsonen eskubideak urratzeaz gain, familiak bete beharreko eginkizunei egiten diete kalte, eta batik bat seme-alaben sozializazio-prozesuari; izan ere, seme-alabek gertaera bortitzak ikusi dituzte, giro horretan bizi izan dira, eta jokamolde-eredu horrek eragin kaltegarria izan dezake pertsona gisa garatzeko beren bidean.

- Familiaren intimitatea babesteko beharra: Familiaren barruan gertatzen diren erasoak intimitatearen izenean onartzeak esan nahiko luke eremu publikoan onartzen ez diren jarrerak onartzea familiaren barruan. Azken batean, justizia pribatu baten modukoa izango litzateke, Estatuak, aipatu ezean, ontzat eman eta babestuko lukeeena; behartze eta hesartze-modu pribatuei babes ematea izango litzateke, botere-harreman jakin batzuetan eta erasotzailearen beraren kode berezi batzuetan oinarritutako hesartze-moduei, kausen eta motibazioen gaineko kontrol sozialik gabekoei, babesa ematea.

Egia da familiak baduela askatasun-eremu bat berea, Estatuaren esku-hartzetik begiratu beharrekoa, beti ere askatasun eremu hori ez bada baliatzen giza eskubideak urratzen dituztenei inmunitatea emateko. Izan ere, familiatik kanpora debekatuta dagoena ez dago zertan familiaren barruan jasan behar, familia gizarte-erantzukizunetatik bazter utzitako eremua balitz bezala.

- Egintzak epaitzeko orduan onberatasuna: Orain arte, zuzenbidea eta sistema judizialak onberagoak izan dira familia-esparruan gertatutako erasoak zigortzerakoan familiatik kanpora gertatutakoak zigortzerakoan baino. Azken urteetan gertatu diren aurrerapenak gorabehera, oraindik ere irudipena dabil horrelako delituak oro har zigorrik gabe geratzen direla eta sistema judizialak ez dituela behar bezala babesten biktimak. Gaur egun, oraindik existitzen da emakumeen kontra etxean gertatzen den indarkeria modu zatikatuan epaitzeko joera, hau da, indarkeriazko ekintza konkretuen batura izango balitz bezala. Baina etxeko tratu txarrak ez dira egintzen segida hutsa hori baino gehiago da: indarkeria eta izu giro bat, etengabea eta hazkorra. Hori dela eta garrantzi handikoa da eragile juridiko guztiak jabetu daitezen eta behar den prestakuntza har dezaten lan egitea, justiziak oso-osorik ikus eta epai ditzan etxeko tratu txarrak. Hori da lortu beharrekoa.

viernes, 6 de noviembre de 2009

Tratu txarrak ematen ditutzen gizonen ezaugarriak

- Tratu txarren eragileek balore matxistak izan ohi dituzte eta barneraino berenganatua dute gizon eredu bat, zalantzarik gabe jarraitu beharrekoa. Eredu ideal hori prozesu sozial baten bidez berenganatu du gizonak eta prozesu horretan bertan indartu egin dira zenbait portaera, eta beste zenbait baztertu; gainera arau jakin batzuk igorri zaizkio gizonari. Horrenbestez, gizonezkoen eredu idealaren funtsezko ezaugarriak dira: sendotasuna, autoaskitasuna, arrazionaltasuna eta inguruaren kontrola.

- Kasu askotan, nor direla erakusteko eta galdutako kontrola berreskuratzeko ahalegin larria izaten da indarkeria, non eta hain zuzen beren gailentasuna erakuts dezaketen leku bakarra, etxean. Betidanik esan zaie, gizon izatea gauza garrantzitsua dela, eta garrantzi hori erakutsi egin behar dutela nola edo hala; beren bikotekidea azpiratuz eta menderatuz, esaterako.

- Beren buruaren iritzi eskasa izan ohi dute, ahalik gabe ikusten dute bere burua, eta bortizkeriara jotzen dute botere-sentsazio horren bila. Jeloskorrak izaten dira, bikotekidea beren jabetzakoa dela uste ohi dute eta, sarritan, edanari emanak dira.

- Ez dute izaten tratu txarrak ematen ez dituzten gizonek bezain nortasun sendoa, eta baliabide sozial gutxiago izaten dituzte. Beren komunikazioa erasoan oinarritzen da.

- Gehienak ez dute ageri nahasketa psikopatologikoarik, eta ez dute modu bortitzean jokatzen etxetik kanpo. Aurpegi bikoitza dute, hau da, jendaurrean aurpegi bat eta bizitza pribatuan beste bat erakusten dute.

jueves, 5 de noviembre de 2009

Emakume batek senarra hil du Tafallan

Foruzaingoak emakumezkoa atxilotu du, hilketaren egilea izan litekeelakoan. Dena dela, ez dute hipotesirik baztertzen. Biktima 77 urtekoa zen.

Foruzaingoak bart Tafallan (Nafarroa) hil den 77 urteko gizonezkoaren emaztea atxilotu du, hilketaren ustezko egilea izan litekeelakoan, Foru Gobernuak baieztatu duenez.

Aipatu iturrien arabera, senar-emazteek eztabaida izan dute, eta antza denez emakumezkoak aizto bat hartu zuen bere burua defendatzeko, baina oraingoz ez dago argi senarra nahita sastatu zuen edo hura armaren gainean erori zen.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 63 urte dauzka atxilotutako emakumeak. Oraindik komisarian dago ustezko erruduna, poliziek gertatutakoa argitzeko ikerketarekin jarraitzen duten bitartean.

Ezbeharra 21:45ean jazo da, Panueva kaleko etxebizitza batean. Hara osasun-langileak, bi anbulantzia, poliziak eta psikologo bat bertaratu dira. Gaur goizean autopsia egingo diote gizonezkoaren gorpuari. Baina azkenean, hilketa delitua leporatu diote Tafallako hildakoaren emazteari hilketaren egilea izan litekeelakoan.