sábado, 2 de enero de 2010

Emakumeak lan munduan (II)

III. Pertsona langabetuen %64 emakumezkoak dira

Emakumezkoen enplegu tasa txikiagoa bada ere, 2000. urtean, langabetuen tasa kolektibo horren %17,2ra iritsi zen Hegoaldean; gizonezkoen artean, berriz, %6,7koa izan zen. Lan merkatuan zeuden lanpostuen %38,1 bakarrik betetzen zituzten emakumeek 2000. urtearen bukaeran. Eta horiek, gainera, langabezian zeuden pertsonen %64 errepresentatzen zituzten.

Bestalde, sindikatu abertzalearen txostenak berebat jasotzen du ezen ez bakarrik lan merkatua ez zaiela erabat ireki emakumeei, baizik eta, funtsean, enplegu prekarizaziorik handieneko sektoreetan utzi dietela sartzen, eta, gehienbat, zerbitzuen sektorearen bitartez. Gogoratu besterik ez daukagu enplegu guztien %59 zerbitzuen sektoreari lotuak daudela, eta sektore horretan lan egiten duten pertsonen %53, hain zuzen ere, emakumeak direla. Modu horretan, ehun emakume enplegatutik, 83k sektore horretan egiten dute lan. Sektore horrek metatzen ditu Hegoaldean sinatzen diren aldi baterako kontratuen hiru laurdenak. Sindikatu abertzalearen txostenak gehiago zehazten du, esanez sektore horrek berak biltzen dituela aldi baterako enpleguen %56 eta soldatapeko baina inolako kontraturik gabeko pertsonen %93.

IV. Enplegu eta soldata baldintza okerragoak

Euskal Herriko emakume langileen diskriminazio laboralak berekin dakar, halaber, gizonezkoek baino enplegu eta soldata baldintza okerragoak izatea. Sindikatu abertzalearen txostenak nabarmentzen duenez, emakumezkoen aldi baterako enpleguen tasa, 2000. urtean, %36,5era iritsi zela eta gizonezkoena, berriz, %25,8ra. Gainera, emakumeek jaso zituzten soldatak, batez beste, gizonena baino heren bat gutxiagokoak izan ziren.

Kontratatzeko garaian ere nabarmena izaten da Euskal Herriko emakume langileenganako diskriminazio laborala. Horrela, betiere LABen txostenak dioenez, Gipuzkoako 16tik 24ra urteko emakume langileen %22,2 inolako lan-kontraturik gabe aritzen dira; gizonen kasuan, ordea, %1,1i gertatzen zaie hori. Bizkaian, proportzio hori %10,3koa da emakumeen kasuan; gizonezkoetan, berriz, %1,4koa. Emakumeen %59ri langile aktiboen izaera aitortzen ez zaiela gaineratzen du txostenak, nahiz eta, kasuen erdietan baino gehiagotan, inaktibo bezala sailkatzearen arrazoia etxeko lanetan aritzeagatik izaten den... Eta, lan-merkatuan integratze progresibo bat mantentzen bada ere, sindikatu abertzaleak "gizonezkoen prioritatea mantentzen dela" baieztatu du.

Horretatik guztitik sindikatu abertzaleak ateratzen duen ondorioa da enplegua ez datorrela bat emakumeen premiekin, eta "arauetan adierazitako berdintasun formalaren atzean, badela diskriminazio erreal bat, ezin ezkuta daitekeena". Lan-munduan orain artean indarrean dauden irizpideek "aukera berdintasuna ezin berma dezaketela" iritzi ondoren, sindikatu abertzaleak emakume langileen eskubideak defendatu beharra aldarrikatzen du, "eredu sozial ez sexista bat eratzeko modu bakarra" delakoan

No hay comentarios:

Publicar un comentario