lunes, 4 de enero de 2010

Krisia dela eta, areagotzen ari da emakumeen lan arloko diskriminazioa (II)



'Beste «trikimailuak»'


Halako kanporatzeekin galtzeko guztiak dituztela kontuan hartuta, haurrak izan berri dituzten emakumeak lantokian ez jarraitzeko enpresariak bestelako «trikimailuak» erabiltzen ari direla nabarmendu dute Ibeasek eta Guarrotxenak. «Eszedentziak hartzeko aukera ematen diete, umeak zaindu eta haiekin gozatzeko aukera izango dutela esanez. Itzultzen direnean, ordea, ikusten dute ez dizkietela lehengo lan baldintzak errespetatu edo kanporatuak izan direla, adibidez».

Krisiaren ondorioz, halako egoerak ohiko bihurtzen ari direla azaldu du Guarrotxenak. «Ez bakarrik haurrak izan dituzten emakumeekin. Kapitalismoa nagusi den gizarte patriarkalak erabaki du une honetan ez dela interesatzen emakumeak lan merkatuan egotea, eta etxera bidali nahi gaituzte. Haurren zainketaz gain, mendekotasun legea jarri du horren adibide. «Zer egiten ari dira lege horrekin? Bada, gizarte zerbitzuak hobetu beharrean, emakumeei Gizarte Segurantza edo soldata txiki bat ematen ari dira, mendekotasuna duen senidea zaindu dezaten».

Bat datoz horrekin Erro eta Ibeas. Errok, gainera, EHUko ikastaroetan aipatu zen beste ideia bat ekarri du gogora. «Gobernuak krisi ekonomikoa gainditzeko hartzen ari diren neurri gehienak gizonezkoen sektoreetara bideratuta daude: etxegintza, autogintza... Krisiaren genero eragina ez dute kontuan hartuta, eta betiko joerarekin hartu dituzte neurriak». Guarrotxenaren ustez, berriro ere agerian geratu da emakumeen ikusezintasuna. «Emakumeak beti bizi izan dugu krisi egoera hori eta salatu egin behar dugu, agerian gera dadin».

Hori guztia kontuan hartuta, erakundeen jarrera salatu du Guarrotxenak. «Politikoki zuzena delako, berdintasuna aipatzen dute beren politika eta diskurtsoetan. Baina benetako neurriak eta erabakiak hartu behar direnean, ez dute inolako aurrerapausorik ematen». Ibeasi ez zaizkio «nahikoak eta eraginkorrak» iruditzen hartzen diren neurriak. «Batere onurarik ekartzen ez duen berdintasun mezu faltsu bat hedatu da jendartean. Lanketa ideologiko bat ondo dago, baina berdintasun hori aurrera eramateko tresna errealak abian jartzen badituzu. Lanean eta bizitza pertsonalean ditugun proiektuak uztartu behar dira neurri horien bidez, eta oraingoz ez da egin». Errok ere aitortu du berdintasun formala lotzeko bidea luzea dela. Haren ustez, halere, ez da ahaztu behar Berdintasun Legea gisako tresnak berriak direla. Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen, eta Espainiako Gorteek 2007an. «Islandiakoa 1976koa. Pentsa dagoen aldea». Legeak betetzeko, gainera, neurriak jarri behar direla nabarmendu du Errok. «Gurearen moduko erakundea izan liteke horietako bat. Baina guk ez dugu zigor eskumenik, eta zigorrik gabeko legeak askotan hutsalak dira».

Krisia dela eta, areagotzen ari da emakumeen lan arloko diskriminazioa

Haurdun geratzeagatik kaleratuak izan diren emakumeek Eusko Jaurlaritzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsorian jasotako kexak igo egin direla gogorarazi zuen duela aste batzuk EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan Maite Erro defendatzaileak. Emakumeak lan munduan jasaten duten diskriminazioetako bat da hori. Krisiarekin halako diskriminazio egoerak areagotu egin direla salatu dute sindikatuek eta emakumeen eskubideen aldeko taldeek, eta lan munduan berdintasuna bermatze aldera «neurri errealak» eskatu dituzte.

Diskriminazio egoera horiek saiheste aldera, Eusko Jaurlaritzak 2006an jarri zuen martxan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoria. Errok azaldutakoaren arabera, gaur egun iristen zaizkien kasuen hiru laurdenak lan munduari lotutakoak dira. Haurdun geratzeagatik kaleratuak izan diren emakumeei dagokienez, 29 kasu izan ditu esku artean Defentsoriak lau urte hauetan. (Berria, 08-09-09)

LAB sindikatuko Zaloa Ibeasek nabarmendu du emakumearekiko diskriminazioa lan elkarrizketetatik bertatik hasten dela. «Esaten da lan elkarrizketetan ezin direla galdera pertsonalak egin. Baina hori ez da sekula betetzen. Emakumeoi beti galdetzen digute umeak ditugun edo izan nahi ditugun. Gizonezkoei ez dakarkie ondoriorik».

Haurdun geratzeagatik kaleratua izanez gero, egoera oso desberdina da enpresaren edo lantokiaren tamainaren arabera. «Enpresa handietan langilea babestuago dago sindikatuen aldetik. Kaleratzea denda txiki baten gertatuz gero, ordea, ez da horrela izaten. Ez dago babeserako antolakuntzarik, ezta borroka sindikalerako espaziorik. Hori dela eta, emakume askok ez dute gertaera salatzen», dio Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxenak. Autokritika egin, eta sindikatuen aldetik bideratu beharreko zerbait dela aitortu du Ibeasek. «Eredu sindikal maskulino batekin funtzionatzen dugu oro har. Horrek zailtasunak sortzen ditu nagusiki emakumeenak diren sektore batzuetara iristeko eta emakume horiek benetako borroka sindikal aktibo baten inguruan biltzeko».

Kaleratua izaten denean emakumeak 20 egun ditu epaitegietan salaketa jartzeko. «Oso epe txikia», salatu du Errok. Halako kanporatzeak baliogabeak dira, eta emakumea ez duela haurdun egoteagatik kanporatu frogatu ezean, enpresariak berriz onartu beharko du emakumea lantokian. «Oso gutxi dira, halere, epaitegietara jotzen duten emakumeak. Izan ere, oso gogorra da epaiketa, eta halako zerbait egin dion pertsonarekin berriro ere lan egitea», dio Guarrotxenak. Kasu gehienetan, akordio ekonomikoa izaten da enpresariaren eta langile kaleratuaren artean. «Hor ere adi egoten gara, ematen dioten kalte-ordaina dagokion lan baldintzen araberakoa izan dadin», azaldu du Errok.


Gizona pertsona bihurtu

Gizonek nola ezagut dezakete beraien postmatxismoa eta nola gaindi dezakete?

Berdintasunari buruzko zerbait entzutean gutxiespena edo ezinegona sentitzen badute, elkarbizitzari dagokion gizarte aurrerapenen aurrean beraien burua zalantzan jartzen badute, zerbait gertatzen ari da. Ispiluaren aurrean jarri behar dira eta erantzun horietaz jabetu behar dira. Komentarioei eta albisteei besterik gabe kasu egin eta haratago joaten ez den jendea da. Ezezaguna den gai baten aurrean gaizki sentitzeak gutxienez aurrerapausu bat egitea eskatzen du haratago zer dagoen ikusteko, zergatik proposatzen den jakiteko. Gutxienez, informa daitezela.

Inor ez da bortitz jaiotzen. Bortizkeria, bizitzako beste jarrera eta portaerak bezala, ikasitakoa da. Amikeco elkarteak indarkeria jarrerak gainditu nahi dituzten gizonentzako terapiak egiten ditu Gasteizen eta Bilbon. Elkarteko psikologo eta gizarte hezitzaileek argi dute ezerk ez duela emakumeenganako indarkeria justifikatzen eta gertaerei aurrea har dakiekeela uste dute, gizon bortitzei pertsona izaten irakatsiz. Amikeco psikologo Izaskun Odriozolak dioenez, "gizonak gainditu egin behar ditu txikitatik buruan sartu dizkioten jokabideak, gizon izanagatik nagusi denaren ustea, alegia. Indarkeriak hor ditu erroak. Gizonak berriro ere pertsona izaten ikasi behar du".

Horretarako jakina, ezinbestekoa da gizonak terapian bere borondatez parte hartzea.

Genero indarkeria eta gazteak

Zifra batzuk

Batzuetan, zifrak ematea ez da erraza izaten. Izan ere, emakume askok indarkeria isilean bizi dute, ez dute nahi inork ezer jakiterik, ez dute uste eurei gertatzen zaiena indarkeria denik, beldur dira, mehatxatuta daude, laguntzarik ez dutela izango pentsatzen dute....

Izan ere, genero-indarkeriaren biktimen kopururik handiena ez dugu ezagutzen. Bakar-bakarrik erasoa salatu dutenen kopurua dugu. Horiexek dituzu zifrak, arazoaren larritasunaz jabetu zaitezen.

Azken hiru urteotan, Euskadiko Ertzain Etxeetan aurkeztutako salaketak kontuan izanda, honako datuak ditugu:

¿Badakizu...
... 3000 salaketa baino gehiago jarri direla 12-19 urteko emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten delitu edo faltak direla eta, etxean beraien mutil lagunek edo mutil lagun ohiek egindakoak?

... zifra aipatutako urteetan egon ziren salaketa guztien % 33,77 dela?

... 868 salaketa aurkeztu direla etxean izandako emakumeen aurkako indarkeriarekin zerikusia duten delitu edo faltak direla eta, 29 urte baino gutxiago dituzten emakumeen aurka familia-harremana zuten gizonek eragindakoak?

... zifra aipatutako urteetan egon ziren salaketa guztien % 32,13 dela?

... 563 salaketa egon direla 29 urte baino gutxiago dituzten emakumeen askatasun sexualaren aurkako delituak direla eta?

... Zifra aipatutako urteetan jarri ziren salaketa guztien % 68,32 dela?

Indarkeria... ez da ematen bakarrik pertsona helduen artean.

Pentsatu ez arren, datuek argi erakusten dute indarkeria gazteek ere jasaten dutela, nahiz eta mundu guztiak pentsatu gaur egun dena dela desberdina eta gogorra egin errealitatea onartzea, bai beraiei, bai beraien gurasoei eta irakasleei...

Neska gazteen aurkako indarkeria egon badago, eta gehienek mutil gazteen indarkeria jasaten dute. Aipatutakoa errealitatea da, nahiz eta neskok zein mutilok garrantzia kendu, ez dakitelako zer egin edo nola gertatu den.

sábado, 2 de enero de 2010

Emakumeak lan munduan (II)

III. Pertsona langabetuen %64 emakumezkoak dira

Emakumezkoen enplegu tasa txikiagoa bada ere, 2000. urtean, langabetuen tasa kolektibo horren %17,2ra iritsi zen Hegoaldean; gizonezkoen artean, berriz, %6,7koa izan zen. Lan merkatuan zeuden lanpostuen %38,1 bakarrik betetzen zituzten emakumeek 2000. urtearen bukaeran. Eta horiek, gainera, langabezian zeuden pertsonen %64 errepresentatzen zituzten.

Bestalde, sindikatu abertzalearen txostenak berebat jasotzen du ezen ez bakarrik lan merkatua ez zaiela erabat ireki emakumeei, baizik eta, funtsean, enplegu prekarizaziorik handieneko sektoreetan utzi dietela sartzen, eta, gehienbat, zerbitzuen sektorearen bitartez. Gogoratu besterik ez daukagu enplegu guztien %59 zerbitzuen sektoreari lotuak daudela, eta sektore horretan lan egiten duten pertsonen %53, hain zuzen ere, emakumeak direla. Modu horretan, ehun emakume enplegatutik, 83k sektore horretan egiten dute lan. Sektore horrek metatzen ditu Hegoaldean sinatzen diren aldi baterako kontratuen hiru laurdenak. Sindikatu abertzalearen txostenak gehiago zehazten du, esanez sektore horrek berak biltzen dituela aldi baterako enpleguen %56 eta soldatapeko baina inolako kontraturik gabeko pertsonen %93.

IV. Enplegu eta soldata baldintza okerragoak

Euskal Herriko emakume langileen diskriminazio laboralak berekin dakar, halaber, gizonezkoek baino enplegu eta soldata baldintza okerragoak izatea. Sindikatu abertzalearen txostenak nabarmentzen duenez, emakumezkoen aldi baterako enpleguen tasa, 2000. urtean, %36,5era iritsi zela eta gizonezkoena, berriz, %25,8ra. Gainera, emakumeek jaso zituzten soldatak, batez beste, gizonena baino heren bat gutxiagokoak izan ziren.

Kontratatzeko garaian ere nabarmena izaten da Euskal Herriko emakume langileenganako diskriminazio laborala. Horrela, betiere LABen txostenak dioenez, Gipuzkoako 16tik 24ra urteko emakume langileen %22,2 inolako lan-kontraturik gabe aritzen dira; gizonen kasuan, ordea, %1,1i gertatzen zaie hori. Bizkaian, proportzio hori %10,3koa da emakumeen kasuan; gizonezkoetan, berriz, %1,4koa. Emakumeen %59ri langile aktiboen izaera aitortzen ez zaiela gaineratzen du txostenak, nahiz eta, kasuen erdietan baino gehiagotan, inaktibo bezala sailkatzearen arrazoia etxeko lanetan aritzeagatik izaten den... Eta, lan-merkatuan integratze progresibo bat mantentzen bada ere, sindikatu abertzaleak "gizonezkoen prioritatea mantentzen dela" baieztatu du.

Horretatik guztitik sindikatu abertzaleak ateratzen duen ondorioa da enplegua ez datorrela bat emakumeen premiekin, eta "arauetan adierazitako berdintasun formalaren atzean, badela diskriminazio erreal bat, ezin ezkuta daitekeena". Lan-munduan orain artean indarrean dauden irizpideek "aukera berdintasuna ezin berma dezaketela" iritzi ondoren, sindikatu abertzaleak emakume langileen eskubideak defendatu beharra aldarrikatzen du, "eredu sozial ez sexista bat eratzeko modu bakarra" delakoan

Emakumeak lan munduan (I)







Diskriminazio laborala ez da bukatu, hegoaldeko emakumeen enpleguak azken 25 urteetan izan dituen aldaketen gaineko ikerlana egin du LAB sindikatuak. Bertan ageri denez, Hegoaldeko lanpostuen % 38 besterik ez dute betetzen emakumeek, gehienbat zerbitzuen sektorean (%82).


I. Diskriminazio laborala ez da bukatu

Datorren martxoaren 8an egingo da mundu osoan emakume langileen nazioarteko eguna; baita Euskal Herrian ere. Hemen, kolektibo feministek eta langileenek eta haien sindikatuek festa-giroan ospatzen dute, baina baita errebindikazio giroan ere. Hitzaldiek, mahai-inguruek eta manifestazioek osatzen dute egun horretako menua, eta gairik presenteenetako bat, zalantzarik gabe, emakumeen kolektiboak etengabe nozitzen duen diskriminazio laborala izango da. Diskriminazio horri eskaintzen diogu txosten hau, festa eta errebindikazio giroko egun horretarako ekarpen moduan.

Emakumeen diskriminazio laborala antzinatik datorren kontua bada ere, XXI. mendean bete-betean gauden honetan, lehengoan segitzen du, modu askotan eta ikuspuntu guztietatik: hasi familiatik eta auzoraino, herriraino, enpresaraino eta are administrazioraino ere. Adibide lotsagarri moduan, pentsioen ardura duen Espainiako administrazio publikoak berak emana. Gogoan izango ditugu hango ordezkarietako batek oraindik orain esandakoak; alegia, emakumeei gizonei baino pentsio txikiagoa ordaindu behar litzaiekeela, aurreikusitako bizialdia gizonena baino luzeagoa dutelako!

Joan den otsailaren 5ean egin zuen Toledoko Ituneko lehendakariak, PPko Fernando Fernandez Troconizek, hain adierazpen eskandalagarria. Nork eta Toledoko Ituneko lehendakariak, instantzia horretan erabakitzen baita, besteak beste, pentsioen eboluzio ekonomikoa. Iritzi publikoan kausatutako eskandalua ikusi eta gero egin duen zuzenketa hipokritak ez du batere desenkusatzen, zeren esan zuenak PPren baitan dagoen planteamendu bati erantzuten baitio. Espero izatekoa da Toledoko Itun horretan biltzen diren gainerako pertsonek, bereziki sindikatuek eta ezkerreko talde politikoek, beti errefusatuko dituztela gisa horretako planteamenduak edo intsinuazioak.

II. Euskal herriko emakume langileak eta baldintzak

Hegoaldeko emakume langileek azken 25 urteotan izan duten egoera aztertu du LAB sindikatu abertzaleak, txosten zabala egin baitu horren gainean. Gu hartaz baliatuko gara, hango datuak emateko, interes handikoak baitira. Horrela, emakumeen enpleguan 1977. urtetik 2000ra bitartean gertatu diren aldaketak aztertu ditu. Urte horiek, Hegoaldeko Euskal Herrian, emakumeak lan merkatura sartu izanak markatu ditu. Hala ere, txostenak agertzen duenez, emakume langileek enpleguen %38 bakarrik betetzen dute gaur egun, eta langabezian dauden pertsonen %64 emakumezkoak dira. Ikerketak orobat erakusten du emakumeak batez ere zerbitzuen sektorearen bitartez sartu direla lan merkatura. Sektore hori da, hain zuzen, lan merkatuaren prekarizazioa gehien nozitzen duena, aldi baterako kontratuen bidez. Halaber, emakumeek jasaten dituzte enplegu eta soldata baldintzarik okerrenak.

Txostenak aitortzen duenez, azken 25 urteotan, emendatze nabarmena izan du emakumeak lan mundura integratzeak. Horrela, Hegoaldean, 1977. urtetik 2000ra bitartean, emakume enplegatuen populazioa 150.000 lagun baino gehixeago emendatu zen. Integrazio horrekin batera etorri da, ordea, lan merkatuan sexuagatik diskriminatuak izatea. Gainera, detektatu da merkatu horretan sartzeko ia bide bakarra, emakumeentzat, zerbitzuen sektorea izan dela. Horrela, 2000. urtean, hogeita hiru urte atzerago baino 163.000 emakume gehiagok egiten zuten lan zerbitzuen sektorean. Aldiz, eraikuntzaren sektorean, 3.500 emakume baino gutxi gehiago emendatu zen kopurua, eta, industrian, 220 emakume gehiago besterik ez. Nekazaritzan, ordea, 16.900 emakumeko murriztea gertatu zen urte bitarte berean.

Sindikatu abertzalearen ikerlanak azaltzen duenez, 1977tik hona, enplegua %10,8 hazi da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bada, gizonezkoen kasuan, %7,4 gutxitu zen, eta emakumezkoen enplegua, berriz, %63,1 gehitu. Horrela, emakumezkoen enplegu tasa hamahiru puntu gehitu zen; alegia, gizonezkoen artean enplegu tasak galdu dituen puntuak, gutxi gorabehera. Aldakuntza horren arrazoia industria birmoldatzeko prozesuetan kokatu behar da, aurrez erretiratzeko prozesu frankori eman baitzieten bidea; bereziki, siderurgikoa, ontzigintza, etxetresna elektriko, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan.

lunes, 28 de diciembre de 2009

NON, NOIZ eta NOLA ematen da genero indarkeria

MUTILAK

¿Pentsatu izan duzu behin edo behin...
- ... Parekoen arteko harremana nahi nuke izan neska batekin, lagunak duena modukoa?
Zorionak! Horrelakorik pentsatu baduzu, konturatu zara berdintasunezko harremana ona dela bai zuretzat, bai neskarentzat. Lagunak oso harreman ona du neskalagunarekin. Gauza batzuk elkarrekin egiten dituzte, baina elkarrengan konfiantza nahikoa dute bestelako harremanak ere izateko. Elkarri laguntzen diote, maite dute elkar... eta zuk horixe nahi duzu lortu! Izan dituzu noizbehinkako istorioak baina aspertuta zaude ligatu eta gauza egonkorrik ez izateaz. Zure harremanetan neskak pareko egiten badituzu, zuk dituzun eskubideak dituztela onartzen baduzu, ezagutu, lagun egin, konfiantza izan, harreman ona izaten saiatzen bazara, lortuko duzu, seguru izan.

...Neskek, gero eta argiago dituzte beraien eskubideak harremanetan?
Neskek gero eta argiago dituzte beraien eskubideak, eta zeuk ere bai. Berdintasunezko harremanetan mutilek ez dute zertan ezer galdu, eta neskek hobeto dakite zer merezi duten eta zer ez. Eta zuk, mutil moduan, hobeto dakizu ez duzula abusatzeko eskubiderik, neskek eta mutilek botere parekatua behar dutela harremanetan.

- ... "tipo gogorra " izan beharra dut ligatzeko eta lagunek burlarik ez egiteko?
Oso zaila da taldearen aurka joatea, urte askotako kulturaren aurka joatea: mutilek oldarkorrak izan behar dute, iniziatiba izan behar dute, gainetik egon behar dute, nork agintzen duen erakutsi behar dute... Sekulako gogoa horiek ideia guztiak komunean behera botatzeko! Batzuetan zaila da, baina era aurkitu behar duzu burlak eta erasoak ekiditeko ez duzunean nahi ligatu, edo, ez duzunean nahi matxoteena izan. Kontuz ibili eta ez sartu jokoan. Ligatzea ez da lehiaketa. Txarto pasatzen baduzu edo min hartzen baduzu, hain garrantzitsua da zutaz esaten edo pentsatzen dutena? Egon gustura zure buruarekin eta esan ezetz "mutil gaiztoarena " egiteari.

- ... Neska batek ezetz esaten duenean, agian, beste zerbait esan nahi du?
EZETZ zer den badakizu. Oso hitz laburra eta argia da. Agian, neskaren batek ezetz suabe esaten du, pentsatzen duelako ez duela esateko eskubiderik, baina ezetza entzun baduzu, onartu egin behar duzu. Ez egin gorrarena, Ezetza onartzeko kapaza bazara, esateko eskubidea ere baduzu. Eta neskek edo lagunek ez badute ulertzen, beraien arazoa da, ez?

- ... Neska batekin nagoenean, berak hartu behar ditu neurriak, ez delako nire arazoa, eta haurdun gelditzen bada, nik ez dut zerikusirik?
Sexu-harremanetan neurriak hartzea zure ardura ere bada. Berdin dio gau bateko istorioa izan, gehiagorik deitu ez edo ikusi ez. Sexu-harremanik baduzu, ondorioen arduradun zara: gaixotasunen bat, nahi gabeko haurdunaldia. Parte hartu zenuen harremanean, nahiz eta gau batekoa izan. Eta bera txarto pasatzen egongo da. Lagundu, galdetu nola dagoen, egon berarekin, berak horrela nahi badu. Zure esku dago egitea eta zuk ere nahiko zenuke zuri egitea.

- ... Neskaren bat sexu-harremanak izatera derrigortu ahal izan dut berak nahi ez izan arren?
Neska bat sexu-harremanak izatera derrigortzea eraso sexuala da. Deitu nahi duzun moduan. Agian ez duzu kale bazterrean aurkitu eta bortxatu, agian istorioa ondo zihoan baina berak gelditu nahi izan zuen eta zuk ez zenion kasurik egin. Baina, berak nahi ez zuen harremanen bat izatera derrigortu baduzu, presionatu baduzu, abusatu egin duzu. Gau bateko istorioa izan ala ez, berak zuk adina eskubide du erabakitzeko zer nahi duen egin eta zer ez, noiz eta nola nahi duen egin. Eta zuk ere eskubidea duzu zerbait ez egiteko. Adostutako sexua joko dibertigarria da, ez da botere-jokoa .

- Erasoak izan dituzten neskak erasoen bila ibili dira, izan duten jokaerarekin?
Isilik egotea denok erabiltzen dugun indarkeria da, agerian ez dagoena. Indarkeriaren biktima izandako lagunei laguntzen ez diegunean, gertatutakoaren errudun neskak egiten ditugunean, harreman ugari dituzten neskak kritikatzen ditugunean, neskak txarto tratatzen dituzten mutilak ez ditugunean kritikatzen, neskak txarto tratatzen dituen laguna duzunean eta ez duzunean ezer esaten, pentsatzen dugunean neskek eta mutilek ez dugula eskubide berdinik. Gure isiltasunak desberdintasunaren eta genero-indarkeriaren laguntzaile egiten gaitu.