Joan den astean, gure herrialdean berriki gertaturiko eraso sexistarik bortitzenetako biren berri jakin dugu: batean, emakume gazte bat hil du bikotekideak, Santurtzin; bestean, sexu eraso bortzitza egin diote emakume gazte bati, Bilbon. Zoritxarrez, asteroko estatistika askoz ere zabalagoa da, nahiz eta bi gertaera horiek komunikabide guztietan agertu diren, beren gordinkeria eta lazgarrikeria guztiagatik. Seguruenik, herritar asko lotsaturik eta haserre sentituko gara, ikusirik mundu honetan emakume izatea arrisku larria dela oraindik ere. Orain, erasotzaileak salatu eta arbuiatu besterik ezin dugu egin, eta biktimei elkartasuna eta konpromisoa adierazi, baina berandu da jadanik. Bitxia da, baina kasuetako bat genero indarkeriako epaitegi deitzen zaien horietako batean epaituko dute -deitura okerra da inondik ere, gakoa sexismoa baita-, eta bestea, berriz, sexu erasoa, ez dute genero indarkeriatzat joko.
Azken urteotan, ikusi dugu agerian geratu dela harreman afektiboetan gertatzen den indarkeria sexista, baina horrek ekarri du indarkeria sexista zatika ikustea, bere osoan ikusi beharrean. Analisi oker larria da, eta, ondorioz, mito eta jarduera oker asko zabaldu dira, NBEren hitzetan esanda, «gizadian gehien zabalduriko krimen ezkutukoa» eragozteko eta borrokatzeko baliabideak lantzerakoan.
Zein dira oker horiek? Aurrenak zerikusia du indarkeriaren zergatiarekin eta sorburuarekin. Argi dago, zerbaiti tratamendu egokia jarri ahal izateko, ezinbestekoa dela, arazoa aztertu eta borrokatzea ez ezik, diagnostiko etiologiko ona egitea ere. Ikus dezagun banaka zer galdera egin beharko genituzkeen:
Munduan ba al da indarkeria espezifiko bat emakumeen kontra, emakume izateagatik? Erantzuna, zoritxarrez, baiezko borobila da.
Nondik dator? Indarkeria horren sorburua, azken 30 eta gehiago urtean organizazio feministek salatu dugun bezala, sexismoa da, eta ez besterik; sexismoa indartu egiten da indarkeria erabilita, eta, era berean, sexismoarentzat irauteko tresna bat da indarkeria. Sexismoak jokabideak (generoa) zehazten segitzen du, eta boterea banatzen, sexuen arabera.
Ezin ahaztu dugu indarkeria zerbaitetarako tresna bat dela erabiltzen duenarentzat, baina, era berean, menperatu nahi den zernahi talde zapaltzeko baliabide ezin hobea dela, kasu horretan emakumeak zapaltzeko. Indarkeriari heltzeko orduan, kontuan izan behar dugu ez direla kasu bakanak, baizik eta egitura sexista baten barrenean daudela, egitura horrek zilegitasuna ematen diela eta, horregatik, delitu bakarra dela non biktima errudun sentitzen den eta erasotzailea bere delituaren ondorioen biktima sentitzen den, «azken batean egin behar zuena egin baitzuen, tratu txarrak ematen baditu, edo emakumeak probokatu baitzuen, sexu erasoa egin badu».
Matxista bortitzenek 70-90 emakume hiltzen dituzte urtean, baina indarkeriak baditu beste datu odoltsu batzuk Espainiako Estatuan; esaterako, bi milioi emakumeri baino gehiagori tratu txarrak ematen dizkiete (Emakumearen Institutua, 2005), eta zortzi bortxaketatik bat bakarra salatzen da, guztira 20.000 izaki (Urra, 2003). 2000. urtean, Europako Kontseiluak ohartarazi zuen indarkeria sexista dela 16-44 urte bitarteko emakume europarrak hiltzeko edo elbarri gelditzeko lehen eragilea. Indarkeria, zuzenean, emakume jakin batzuek sufritzen dute, baina, oro har, emakumeek beldurra diote indarkeriaren biktima izateari. Horren ondorioz, emakumeok bizitzan dugun jarrera «nahi bai baina ezin» halako bat da, eta gizonena, aldiz, «nahi dut edo ez dut nahi».
Indarkeria sinboliko horren erakusgarri bat agertzen da gure inguruko emakumeei galdetzen diegunean ea berdin eta toki berberetan ibiltzen diren egunez eta gauez. Autodefentsa feministako ikastaroetan dabiltzan emakumeek, esaterako, esaten dute emakume izatea dela segurtasun falta eragiten duten faktoreetako bat. Segurtasun falta edo beldur horrek ederki mugatzen ditu giza eskubideak, eta, era berean, ederki mugatzen du modu librean aukeratzeko gaitasuna. Beraz, defizit demokratiko larria dakar.
Baina orain galdetu beharko genuke nola indartzen den gizartean emakumeen beldurra eta ahultasun sentipena, eta nola indartzen den indarkeria maila batzuen erabilera «toleratzeko modukoa», bai kultura transmititzeko tresnen bitartez -emakumeen gorputza objektu bihurtuta, maitasuna jabetza gisa hartuta, maite zaituenak negar eginaraziko dizula sinetsarazita...- eta bai gazteei bidaltzen dizkiegun mezuen bitartez -«kontuz zer egiten duzun, norekin zoazen, ero asko dabil kalean»-; horrek guztiak segurtasun falta handitu besterik ez du egiten, mezu horiek ez baitute azaltzen norengandik edo zergatik babestu behar dugun geure burua, eta ez baitigute erakusten nola babestu behar dugun. Gainera, horrek guztiak lagundu egiten du emakumea erruduntzat jotzen zerbait gertatzen bazaio, eta uste ustelak zabaltzen ditu erasotzaileari eta haren motibazioei buruz. Alde horretatik, nahikoa da gogoraraztea nola erantzun ohi duen erasotzailearen inguruak, haren delituen berri dakienean: gizon «normala» dela esan ohi du. Bi elementu interesgarri daude horretan: bata, zer den gizon normala izatea, beharbada normaltzat jotzen delako gizonek portaera sexistak izatea; bestea, erasotzailea zer gizon mota izatea espero dugun.
Horiek denak beharrezko elementuetako batzuk besterik ez dira, beharrezkoak gaia aztertu eta konponbide eraginkorrak emateko. Izan ere, indarkeria hori sexista eta egiturazkoa dela ahazten badugu, ezinezkoa da indarkeria selektibo, zabaldu eta unibertsal hori aztertzea eta borrokatzea.
Zoritxarrez, bi emakume horientzat berandu iritsi gara, eta orain justizia sistemak jardun behar du delitugile horien kontra. Baina ez dugu ahaztu behar gure esku dagoela erasotzaileak geldiaraztea eta, gure kontzientzia ez-sexistaren bitartez, haien ekintzei zilegitasuna kentzea. Horregatik, lanean segituko dugu kalean, tabernetan, ikastetxeetan, lantokietan, etxeetan eta nonahi, sexismoa eta haren indarkeria borrokatzeko eta salatzeko. Konpromiso garbi batekin: nik ez baitut erasorik egiten eta ez baitut onartzen inork emakumeei erasotzerik.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario