
Zoritxarrez, emakumearen aurkako indarkeria eguneroko albiste da. Beraz, gizartean dagoen errealitate beltz baten ispilu da: makina bat emakumek jasaten dute genero indarkeria. Ertzaintzat eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, iaz 2.030 emakumek salatu zuten genero indarkeria Hego Euskal Herrian, hau da: egunero bost batek! Badira, gainera, beldurrak jota erasotzailea salatu nahi ez duten emakumeak. Salatu ala ez, haren eskuetan hiltzen dira batzuk.
Erasotzaileen artean ez dago adinik
Salaketak jarritako emakume gehienak 35-55 urte bitartekoak dira; hala ere, gehienak gazteak dira.
Erasotzaileei dagokienez, ez dago adinik. Hala dio Javier Madina psikologo donostiarrak: "Muturreko kasuetan helduak dira nagusi, baina gazteak ere badira". Madinak erasotzaileekin terapiak egiten ditu, eta dioenez, ez dago erasotzailearen profil psikologiko jakina zehazterik, baina guztiek ezaugarri komunak dituzte: oso matxistak dira, emakumea gutxiesten dute, oldarkorrak dira… "Halako jarrera bortitzak ez dira derrigor haurtzarotik antzematen: Batzuk bortitzak dira txikitatik, familiarekin, lagunekin… eta jarrera hori mantentzen dute bikotekidearekin, eta seme-alabekin. Hala ere, gehienek bizitza normala dute, eta ez dirudi arazoak dituztenik; baina, batzuetan, bortitzak dira bikotekidearekin. Halako erasotzaileak ezin dira aldez aurretik antzeman".
Gizonezkoak etxeko errege
Zerk bultzatzen du pertsona bat ondoko emakumea erasotzera?
Esaten denez, etxean ikusitakoak eragina du pertsonen jarreran eta portaeran. Haur batek, bere ama aitaren menpeko, erabakirik hartzeko gaitasunik gabe, eta besteen gutizien zerbitzura ikusi badu, etorkizunean bikotekidea hala ikusiko duela pentsa daiteke. Madinaren ustez, kasu batzuetan hori horrela da, eta emakumeak gizonezkoak egindako irudiarekin bat egiten ez duenean, matxinatzen denean, orduan sortzen dira erasoak. "Hala ere, erasotzaile asko askeago hezi dituzte. Kontua da, etxean errege izan direla, eta status horri eutsi nahi diotela. Edozein kasutan, emakumea gizonaren zerbitzari izan nahi ez duenean, orduan hasiko dira arazoak".
Beraz, neskak eta mutilak berdintasunean heztea ezinbestekoa da halako portaerak saihesteko. Etxea litzateke landu beharreko lehen esparrua, baina ikastetxean ere lan handia egin behar da. "Gaur egungo neska-mutilek garai batean baino heziketa zuzenagoa dute, baina oraindik ere okerreko portaerak ikus daitezke eskoletan: esaterako, gaztetxo askok mutilek pribilejioak dituztela uste dute".
Berdintasuna ezinbesteko
Azken urteetan, neska-mutilak berdintasunean hezteko eta genero indarkeria aurreikusteko programak abiatu dituzte ikastetxeetan. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, "Nahiko" programa abiatu zuen duela bi urte. Bizkaiko ikastetxe batean eta Gipuzkoako hiru ikastetxetan garatzen ari dira programa hori, tartean Idiazabalgo herri eskolan. "Gure eskolan berdintasunean hezi gaituzte, baina zenbait kasutan, mutilek neskak baztertzen dituzte. Gainera, neskak eta mutilak taldeka ibili ohi dira, elkarrekin nahastu gabe. Programa egiten hasi ginenetik hori guztia aldatzen ari da", dio Joseba Arrizabala Idiazabalgo herri eskolako ikasleak. Iritzi berekoa da Maialen Mendizabal ikaslea ere: "Gaur egun, lagun artean neska-mutilak batera ibili ohi gara, nahastuta, eta hori ona da".
Josune Jauregi bertako ikasleak ere begi onez ikusi du ekimena: "Hiru esparrutan lan egiten dugu: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Neska-mutilek etxean ikusitako eredua errepikatzen dute, eta etxean berdintasunik ez badago, haurrak emakumea gutxietsi dezake. Eskolan, bestelako eredua jasoko du, ordea".
Azken urteetan kasu gehiago
Esan bezala, genero indarkeria eguneroko kontua da. Estatistiken arabera, kasuen bataz bestekoa gora egiten ari da nabarmen. Zergatik? Madinak eman digu erantzuna: "Garai batean, emakumeak isildu egiten ziren, eta ez zuten harremana bertan behera uzten. Azken 30 urtetan, ordea, emakumeen artean bilakaera garrantzitsua gertatu da: emakume asko ez daude halako portaerak jasateko prest, eta genero indarkeria emanez gero, bertan behera uzten dute harremana. Horrek gizonaren portaera bortitza areagotzen du, eta zenbaitetan kasua hilketan amaitzen da".
Eta gizonekin zer gertatu da? "Gizonak atzera geratu dira. Dagoeneko ez dira klan-aren buruzagiak, eta horrek ezinegona sortzen die. Ez dituzte errealitate horri aurre egiteko baliabideak, eta galduta daude", esan digu psikologo donostiarrak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario