lunes, 9 de noviembre de 2009

Ikusezintasuna

Orain dela gutxi arte, tratu txarrak ez dira hartu benetan diren bezala, hau da, arazo sozial eta politiko larritzat. Orain arte, gizartean sakon errotutako printzipio eta uste batzuk egon dira, gizarteak berak aldeztuak; horien erruz, hain zuzen, gorde izan dira ezkutuan tratu txarrak. Ondoren, printzipio eta uste batzuk aipatuko eta aztertuko ditugu:

- Familiaren batasuna zaindu behar da: Familiaren batasuna pertsonen duintasuna eta babesaren aurretik jartzea oso arriskutsua da, izan ere, jarrera horren ondorioz, pertsona arrotzen artean inoiz onartu ez ziren egintza edo jokamoldeak onartzen dira familiaren baitan. Horrela, jokamolde horiek ez direnez ez aipatzen ez eta zigortzen ere, biktima babesik gabe usten dugu gizartearentzat kaltegarriak diren jokamoldeen aurrean. Jokamolde horiek pertsonen eskubideak urratzeaz gain, familiak bete beharreko eginkizunei egiten diete kalte, eta batik bat seme-alaben sozializazio-prozesuari; izan ere, seme-alabek gertaera bortitzak ikusi dituzte, giro horretan bizi izan dira, eta jokamolde-eredu horrek eragin kaltegarria izan dezake pertsona gisa garatzeko beren bidean.

- Familiaren intimitatea babesteko beharra: Familiaren barruan gertatzen diren erasoak intimitatearen izenean onartzeak esan nahiko luke eremu publikoan onartzen ez diren jarrerak onartzea familiaren barruan. Azken batean, justizia pribatu baten modukoa izango litzateke, Estatuak, aipatu ezean, ontzat eman eta babestuko lukeeena; behartze eta hesartze-modu pribatuei babes ematea izango litzateke, botere-harreman jakin batzuetan eta erasotzailearen beraren kode berezi batzuetan oinarritutako hesartze-moduei, kausen eta motibazioen gaineko kontrol sozialik gabekoei, babesa ematea.

Egia da familiak baduela askatasun-eremu bat berea, Estatuaren esku-hartzetik begiratu beharrekoa, beti ere askatasun eremu hori ez bada baliatzen giza eskubideak urratzen dituztenei inmunitatea emateko. Izan ere, familiatik kanpora debekatuta dagoena ez dago zertan familiaren barruan jasan behar, familia gizarte-erantzukizunetatik bazter utzitako eremua balitz bezala.

- Egintzak epaitzeko orduan onberatasuna: Orain arte, zuzenbidea eta sistema judizialak onberagoak izan dira familia-esparruan gertatutako erasoak zigortzerakoan familiatik kanpora gertatutakoak zigortzerakoan baino. Azken urteetan gertatu diren aurrerapenak gorabehera, oraindik ere irudipena dabil horrelako delituak oro har zigorrik gabe geratzen direla eta sistema judizialak ez dituela behar bezala babesten biktimak. Gaur egun, oraindik existitzen da emakumeen kontra etxean gertatzen den indarkeria modu zatikatuan epaitzeko joera, hau da, indarkeriazko ekintza konkretuen batura izango balitz bezala. Baina etxeko tratu txarrak ez dira egintzen segida hutsa hori baino gehiago da: indarkeria eta izu giro bat, etengabea eta hazkorra. Hori dela eta garrantzi handikoa da eragile juridiko guztiak jabetu daitezen eta behar den prestakuntza har dezaten lan egitea, justiziak oso-osorik ikus eta epai ditzan etxeko tratu txarrak. Hori da lortu beharrekoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario