martes, 22 de diciembre de 2009

Zer egin etxeko indarkeria dagoenean?

Eraso fisiko eta psikiko guztiak legean daude zigortuta (delitu edo falta gisa), eta, beraz, salatu egin behar dira.
Biktimak, edo gertakariak ezagutzen dituen edozein pertsonak jar dezake salaketa hurbilen dagoen guardiako epaitegian (eguneko 24 ordutan dago irekita hiru hiriburuetan: Bilbon, Donostian eta Gasteizen) edo polizia-etxean, eta aurkeztu izanaren frogagiria eskatu behar du. Komenigarria da salaketa jarri baino lehen, Biktimari Laguntzeko Zerbitzura joatea, aholkuak jasotzeko.
Salaketak ahalik eta argiena eta osoena izan behar du, eta ondorengo datuak adierazi behar dira: salatutako gertakariak, datak, lekua, lekuko posibleak eta gainerako datu interesgarriak, judizioan frogagiri gisa erabil daitezen.
Lesio fisikoak egonez gero, ahalik eta azkarren (baita salaketa jarri baino lehen ere) Zentro Mediko batera (hurbilen dagoen osasun zentrora edo hurbilen dagoen ospitaleko larrialdietako zerbitzura) joatea da normalena.Garrantzitsua da medikuak egindako azterketaren ziurtagiria eskatzea ondorengo polizia-prozedurarako. Hala eta guztiz ere, epaitegiko medikuak aztertuko du biktima.
Biktimak bere osotasunaren eta/edo seme-alaben osotasunaren beldurra badu, senar-emazteen bizilekua utz dezake, eta 30 eguneko epean banantzeko izapideak has ditzake (neurriak, banantze-demanda, etab.) Egoera horietarako laguntza-baliabideak daude Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan.
Komeni da biktimak, konfiantzazko abokaturik izan ezean, abokatu batengana jotzea aholkularitza publikoa jasotzeko.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek arlo honetan behar bezala trebatutako abokatuen txanda zehatz bat sortu dute, tratu txarren biktimei eta etxeko indarkeriaren biktimei laguntzeko. Txanda horiek direla-eta biktimen zerbitzura daude 24 ordutan; abokatuak zigor-arloko prozeduretan eta ezkontzari buruzko prozeduretan hartuko du parte.Era berean, Abokatuen Elkargoek, Foru Aldundiek eta Udaletxeek biktimaren esku jarriko dute biktimek behar dituzten asistentzia-baliabideei (abegi-pisuak, laguntza ekonomikoak, etab.) eta baliabide juridikoei buruzko informazioa.Hiru hiriburuetako Justizia Jauregietan (Bilbon, Donostian eta Gasteizen) ere badaude Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak (BLZak), eta beharrezko asistentzia, laguntza eta informazioa eskainiko zaie bertan biktimei.
Komeni da gertakariak lehenbailehen salatzea, epaileak gertakari horien berri duenean, kautelazko neurriak har baititzake biktima babesteko eta arrisku zehatzak saihesteko. Neurri horien artean kautelazko neurri hau nabarmentzen da: erasotzaileari biktimarengana hurbiltzeko edo biktimarekin komunikatzeko (pertsonalki, telefono bidez, idatziz eta beste edozein bide erabiliz) jarritako debekua, epaian zehaztutako denboran zehar.Erasotzaileak agindu judizial hori bete ezean, erantzukizun penalak (tratu txarretatik erator daitezkeen erantzukizunez gain) izango ditu, baita behin-behineko espetxeratzea ere.
Salatutako gertakarien larritasuna eta erasotzailearen arriskugarritasuna kontuan hartuta, instrukzioko epaileak, erasotzaileari entzun ondoren, behin-behineko espetxeratzea erabaki dezake, edo, behin-behineko askatasuna lehen zehaztu dugun urruntze-neurriarekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario