lunes, 14 de diciembre de 2009

Oinarrizko 10 arau genero indarkeria ez onartzeko

1. MAITE ZAITUDALAKO, PAREKO NAHI ZAITUT

Bikotea bi dira, parekoak, nire parean dena, ez gorago, ez beherago. Berdintasuna ez da moda bat, edo aste barruan ordu batzuk erabili eta asteburuetan eta oporretan ahaztekoa. Horrelako berdintasunak ez digu lagunduko bikote-harreman onak izaten.

2. ERASOA EZ DA INONDIK INORA ERE NORMALA, EZ FISIKOA, EZ SEXUALA, EZ PSIKOLOGIKOA.

Ezin dugu pentsatu beroaldia izan denik, pasatuko denik, ez zela horrenbesterako izan, Desberdintasunak eta zailtasunak normalak dira, gatazkak onak dira harremanak sendotzeko, baina horrek ez du zerikusirik indarra erabiltzearekin, kontrolatzeko nahiarekin, gainetik zaudela erakustearekin..

3. EZ DAGO ERRESPETU GABEKO MAITASUNIK

Gure bikotekideari errespetua eskatu behar diogu. Gure harremanean, bikotekidea aintzat hartu eta zaindu egin behar dugu eta, baita, gu geu ere aintzat hartu eta zaindu egin behar gaitu.

4. BETI DAGO EZ ERASOTZEKO AUKERA

Erasotzen duen pertsonak aukeratu egiten du erasotzea, pentsatzen duelako ahal duela egin eta egiteko eskubidea duela. Neskok zein mutilok kontrolatu egin dezakegu gure jokaera. Agresibitatea egoki bideratzeak gure eta bestearen autoestimua finkatzen ditu, indartu egiten gaitu eta lasai eta ondo sentitzen gara.

5. MAITASUNAK GEHITU ETA BIDERTU EGITEN DU

Maitasunak ez du kentzen edo zatitzen. Nire izaerari uko egin behar badiot harremana mantentzeko, zerbait ez dabil ondo, batere ondo. Bikotean, batek baino ez badu zaintzen edo uko egiten, harremana ez dabil ondo. Maitasunak onerako behar du, orduan jakingo baitugu harremanak merezi duela.

6. INDARKERIA EZ DA GAIXOTASUNA

Eraso egiten duten mutilak ez dira gaixoak; beraz, ez dira sendatzen. Gaixotasunak tratatu egiten dira, batzuek onera egiten dute eta besteek ez. Mutil batzuek, dituzten ideiengatik, emakumeen gainetik daudela pentsatzen dute. Hori dela eta, jo egiten dituzte... boterea eta kontrola lortzeko. Horren aurrean, tratamendurik onena ospa egitea da. Tentagarria da pentsatzea ideia eta jokaera txar horiek hitz eginda, negoziatzen, promesekin konponduko direla, eta nahi bai horrela balitz, baina errealitateak dio horrelakoetan ez dutela balio.

7. MAITASUNA EZ DA INDARKERIAREN ANTIDOTOA

Indarkeriaren antidotoa indarkeria Eza da. Ez alferrik galdu zure indarrak zeure buruari galdetzen zergatik egiten duen hori maite bazaitu. Ez suposatu ezer, maitasun-harremana lana da, zoragarria eta gogorra, on egiten diguna. Gezurra da: maite zaituenak ez dizu negar eragiten; barre eragiten dizu, pentsatzea eragiten dizu. Ez pentsatu baten bat asko maite baduzu, bere jokaera aldatzea lortuko duzunik. Seguruenez, lortuko duzuna izango da denbora alferrik galtzea eta zure sufrimendua handitzea.

8. INDARKERIA JASATEAK EZ DU INOLAKO MERITURIK

Zure harremanean indarkeria agertu bada, normala da gauzak aldatzea nahi izatea. Ulertzekoa da hobetzen saiatzea era askotara, baina, pentsatu apur baten, noiz arte jarraituko duzu horrela? Egin kontuak: harremanak suposatzen dizkizun sakrifizioak eta galera guztiak zenbatu (lagunak, denbora, autoestimua, naturaltasuna, ilusioa...) eta argi ikusiko duzu kontuek ez dutela koadratzen.

9. MAITASUNAK EZIN DU DENA LORTU

Maitasuna sentimendua da eta urik egiten ez bazaio, sikatu egiten da. Maitasunak zaintza behar du, samurtasuna, pasioa, eta berari esker, bizitzako une zailak gainditu egiten ditugu. Baina, maitasunak ez du mirarik egiten, ez du izaera erasotzaileak aldatzen, ez du harreman txarrak hobetzen, ez du aldatzen arazoa duenik onartzen ez duena.

10. INDARKERIA EZ DA HUSKERIA

Indarkeria jasaten duten neskak ez dira tontoak, edo ahulak eta, behin edo behin, beraiek ere pentsatu izan dute hori " besteei " gertatzen zaiela, eta ez beraiei; Ez zitzaien burutik pasatu tratu txarrak jasatea. Are gehiago, beraiek ere pentsatu zuten: niri horrelakorik gertatuz gero, ospa egingo nuke... horrelako tipoari ez diot nik txikienik ere onartuko! Ba, ederto. Dirudienez, ez dugula jasango pentsatzeak ez gaitu babesten erasoen aurrean. Indarkeria jasaten duten emakumeak hondamenezko harremanean daude murgildurik, batzuetan konturatu ere egin gabe. Bikotekideari lotzen dion soka ez dago maitasunean oinarrituta, kontrolean baizik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario