miércoles, 9 de diciembre de 2009

Kopenhageko tangak


Jose Mari Pastor publizitate sexistari buruz Berrian idatzitako artikulua.

Zoriontasuna: a) Motoan zoazela bizkarrean neska baten titiak sentitzea. b) Emakume batek bere lagun Elenak baino brontzeatu hobea duela ikustean sentitzen duen plazera. c) Gizonezko bati pizten zaion harrotasuna, ondokoek baino zakil handiagoa duela ohartzean. d) Mutilek neska baten tanga begiztatzen duten bakoitzean izaten duten gorakada.

Halaxe definitzen du egoera idiliko hori edari baten publizitateak. Udako iragarkia da telebistan. Albano eta Romina Power bikote zoriontsuak alaba desagertu aurretik aireratzen zuen melodian oinarrituta dago, hitzak aldatuta: haiek felicidad esaten zuten; orain feliciKas kantatzen da, felicitas edo zoriontasuna zer den adierazteko.

Edari enpresa horren arabera, iragarkiko une gozo horiei darien sentsazioa da zoriontasuna. Bai, gure berraitonaren berraitona zuzen zegoen: taketaren tamaina da garrantzitsuena, sexologo eta psikologo modernoek kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren. Iragarkian dutxan dagoen mutilak badaki. Alde bietan bera baino handiagoak diren gizonak ditu, baina ezker eta eskuin begiratu eta ohartu egin da bera dela zoriontsuena, berea baita zakil handiena. «Nirea bai paketea! Zuek bai paketeak!». Akabo Rocco Siffredi, Manuel Ferrara edo Nacho Vidal ez garenon zoriontasuna. Tangak begiratu beste erremediorik ez dugu, Jaurlaritzak subentzionatutako Euskal Pie 7ko nerabe gosetuen pare.

Iragarkiak kutsu informala du, udarako egokia. Uda baita zoriontasun saltzaileek paradisua hurbilen jartzen diguten sasoia: atsedena, eguzkia, hondartza, gorputza hibernaziotik esnatuta eta gori, burua bor-bor. Hala ere, sintomatikoa da felicitas hori sexu bakoitzaren arabera nola definitzen den: gizonen zoriontasuna sexuari lotua da beti. Emakumeena, berriz, itxurari; horientzat, iragarkiko Elenak baino kolore hobea izatea da helburua. Tanga Elenak baino dotoreago luzitzea, gizonen zoriontasunaren pizgarriak izateko. Oso freskagarria.

Iragarkian bi neska irtengo balira mutil baten beheko tontorrari begira, gustu txarrekoa izango litzateke, askoren ustez. Baina bi mutil lerdea dariela, ez. Normala da: sexuari dagokionez, gizonezkook txerri adurtiak omen gara; emakumezkoek ez omen dute sekula santan sexuaz pentsatzen, ezta beltz gazte baten gorputz gihartsua ondotik pasatzen denean ere. Ai ama! Argi esanda: emakumeen zoriontasuna beste emakumeak baino politagoak, desiragarriagoak izatea da; gizonena hankartean zakil handia izatea, eta begietan tanga txikia.

Tanga, zoriontasunaren ikurra, era batera edo bestera, batzuetan modu diskretuagoan bada ere. Iaz bi neska ikusi nituen Kopenhageko jantzi-denda bateko kutxan. Itxuraz musulmanak ziren, gorputzak goitik behera estaliak zituzten. Batak buruzapia zuen; besteak, nikaba, soilik begiak airean. Aldamenean, tiranteak eta zilborra airean zituzten gazteak. Bi neska musulmanen eskuetan, bina edo hiruna tanga. Nire lehenengo erreakzio mendebaldarra: zertarako nahi dute hauek tanga bat? Ez nuen ulertzen. Inozoa! Niri gorputz horien gaineko voyeurismoa ukatu izanak ez zuen esan nahi haientzako tangarik ez zegoenik, ezta beste morroi baten begiek ikusiko ez zutenik ere. Kontsolamendu bakarra nikaba jantzia zuen emakumea irudikatzea izan nuen, intimitatean zoriontasun puska bat eskaintzen bere gizonari, only for your eyes, hark Kas bat eskuan gozatzen zuen bitartean. Felicitas.

No hay comentarios:

Publicar un comentario