viernes, 30 de octubre de 2009

Genero berdintasunaren aldeko pausoak unibertsitatean

LOU delakoa (Ley Orgánica de Universidades) eraldatzeko aurkeztu berri duen aurreproiektuan gobernu sozialistak Unibertsitatean genero-berdintasuna lortzeko xedapen eta printzipio batzuk sartu ditu. Adibidez, instituzio horretako gobernu-organoek -Klaustro, Fakultate-Batzorde eta Sailetako kontseiluek- beren partaideak «modu orekatuan» aukeratu beharko dituzte gizon eta emakumezkoen artean. Uler bedi haien ordezkapena bakoitzak duen kopuru elektoralaren araberakoa izango dela. Era berean, berdintasun-printzipioa errespetatua izango da akreditazio-batzorde eta plazak banatzen dituzten epaimahaietan ere. Halaber, aurreproiektuak parekotasunaren aldeko beste neurri batzuk ere ezarriko ditu: berdintasunari buruzko ikasgaiak, gradu-ondoko ikasketak eta gaiari buruzko ikerketak bultzatzea. Honekin guztiarekin batera, unibertsitateko agintariei genero-berdintasunaren alde apustua gauzatu eta neurrien jarraipena egin dezaten exijituko die. Ildo beretik, legeak «berdintasun-unitateak» ezarri eta genero-bortizkeria jasaten duten biktimei laguntzak eskainiko dizkie.

Egia esan, azken urteotan emakumezkoen parte-hartzeak Unibertsitateko estamentu eta kategoria desberdinetan aurrerapauso handia izan du. Ikasketa maila desberdinetan, ikasle, lizentziatu eta doktoreen emakumeen kopuruari erreparatzen badiogu, kasu guztietan portzentajea %50etik gorakoa da. Dena dela, irakasleen maila akademikoa igotzen doan heinean emakumeen presentziaren portzentajea gutxitzen doa eta ordezkapen neurria ere bai. Espainiako unibertsitatean kontratatutako emakume irakasleak %38 dira, funtzionarioak %33 eta unibertsitate-katedratikoak soilik %13'7. Batez besteko horiek are txikiagoak dira ordezkapen-organoetan. Ezberdintasun horiek zuzentzeko sartu da, hain zuzen ere, berdintasun-printzipioa lege berrian.

Nolanahi ere, erraz froga daiteke diskriminazio korporatiboaren existentziak -estamentu desberdinek gobernu-organo desberdinetako ordezkapenean pairatzen duten ezberdintasun injustu eta desorekatuak- bazterketa beste toki batera eramaten duela. Hortaz, generoaren berdintasun formala berdintasun korporatibora hedatu beharko da egoera absurduetara iritsi nahi ez badugu.

Demagun 300 irakaslek osatutako Klaustroa dugula. Har ditzagun ontzat arestian aipatutako emakumeen presentziaren portzentajeak. LOUk agintzen duenaren arabera, Klaustroaren %51 funtzionario doktoreek osatu behar dute. UPVn «beste irakasleek» - irakasleriaren kopuru osoan gehiengoa izanik ere- ordezkapenaren %18 betetzen dute. Berdintasunaren printzipioa lehen aipatu dugun zentzuan aplikatzen badugu (proportzionaltasunaren arabera), 73 emakumeek (irakasleria osoaren %35) eta 134 gizonek osaturiko Klaustroa izango genuke. Eta gauzak horrela, bi aukera ditugu:

a) Irakasle andere horien kopurua, kontratatu eta funtzionarioen artean dagoen erlazio orokorraren arabera banatu, kontuan izanda «beste irakasleek» betetzen duten ordezkapenaren %18tik, %15 kontratatuek eta beste %3 funtzionario ez doktoreei dagokiela. Kalkulu sinple bat eginez, 34 irakasle andere kontratatu eta 39 irakasle andere funtzionario aterako lirateke. Baina irakasleria kontratatu osoari dagokion kopurua 45ekoa den legez, soilik 11 gizonezko geratuko lirateke ordezkari gisa Klaustroan. Baina gizonezko kontratatuek estamentu horretako %62 osatzen dutenez, argi ikusten dugu diskriminazioa gizonezko kontratatuen aurka mugitu dela.

b) Arestian aipatutako 73 emakumeak, kategoriei dagozkien portzentajeen arabera banatzen baditugu berriz (%33 funtzionarioak eta %38 kontratatuak) eta legeak Klaustrorako markatzen dituen ordezkapen estamentalak mantenduz, 56 funtzionario izango genituzke (%77) eta 17 kontratatu (%23). Baina badakigu jakin funtzionario irakasle andereek, irakasle andereen kopuru osotik %54 pisua baino ez dutela. Kasu honetan diskriminazioa emakume kontratatuen aurka lekualdatu da.

Ondorioz, argi esan behar da berdintasun-printzipioa arlo korporatibora eramaten ez den bitartean (funtzionarioen eta kontratatuen artera, alegia) genero-berdintasuna engainua baino ez dela izango. Parekotasun-eskubideak irakasle guztien ordezkapenaren alorrera hedatzen ez diren bitartean, kontraesan eta injustizia etengabean eroriko gara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario