Mostrando entradas con la etiqueta indarkeria. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta indarkeria. Mostrar todas las entradas

lunes, 21 de diciembre de 2009

Indarkeria psikologikoa

Zaila da onartzea zure mutil-lagunak indarkeria psikologikoa erabiltzen duela; Zaila da onartzea zure neska-laguna kontrolatzen ari zarela, eragina izatetik kontrolatzera pasatu zarela.

INOIZ PENTSATU DUZU HONELAKORIK?

- Beste mutil batzuekin ere gertatu zait; behar bada neuk daukadan arazoa da.
- Beste mutilek ere horrela egiten dute, beraz, neskaren arazoa izango da, ez neurea.
- Mutil hau oso burugogorra da, harroa, erratzen denean ez du onartzen...baina pertsona ona da.
- Hau neska, hau! ...Eztabaidan hasten denean...! Ezin dut jasan, eta batzuetan...
- Zer uste du ba mutil honek? Berak nire telefonoa hartu eta arakatu egiten badu neuk berdin egingo dut, bere telefonoa hartuko dut eta kontrolatu. Bai horixe! Berdintasuna!
-Orain jakingo du neska horrek jakin beharrekoa!

Honelako burutazio ugari topa ditzakegu, baina badago bat oso arriskutsua, arriskutsuena: neskek pentsatzea maitasuna euren armarik boteretsuena dela, eta mutilaren jokabide oker horiek horrela arinduko dituztela, maitasunaz

Indarkeria sexu bereko bikoteetan

Orain arte, nesken eta mutilen arteko harremanez aritu gara, harremanak noizbehinkakoak izan ala ez. Baina indarkeria sexu bereko bikoteetan ere ematen da. Gizarte heterosexualean aurreiritzi ugari daude oraindik, eta sarri, ukatu egiten da emakumeak ere erasotzaile izan daitezkeenik eta gizonezkoak ere biktima izan daitezkeenik.

Horietako bikoteetan inbisibilitate handia eta mito asko daude: Gutxi ezagutzen ditugulako edo beraiei buruz gutxi hitz egiten dugulako, aurreiritzi ugari ditugu. Hori dela eta, batetik, pentsa dezakegu harreman horietan denak izan behar duela hobeagoa edo, bestela, pentsa dezakegu indarkeria egon badagoela baina ez direlako harreman normalak.

Sexu bereko pertsonen arteko harremanak harreman heterosexualen moduko normalak dira eta besteenak moduko zailak jorratzen.

Gay edo lesbiana bazara, agian pentsatuko duzu arazo gabeko harremana izateko derrigortasuna duzula, berez delako gogorra gay edo lesbiana izatea gizarte honetan. Pentsatzen baduzu ezin duzula edozein bikotek dituen arazo normalei buruz hitz egin, agian onartu egingo dituzu nolabaiteko indarkeriazko jokaerak.

Desberdintasuna bikotean ez da desagertzen kideak sexu berekoak direlako. Berdin-berdin ager daitezke menderatze eta menpekotasun egoerak. Gizonezkoak eta emakumezkoak gizarte berean gaude gizarteratuta, eta azalean daramatzagun patroiak erreproduzitu egiten ditugu gure bikotekidearekin, pentsaturik gurea dela. Geuk dakigu nola jokatu "behar " duen, gure ustez zuzenak diren estereotipoen arabera.

Beldurra diozu eztabaidari edo zure harremanean indarkeria dagoela onartzeari? Beldurra diozu lesbianak eta gayak gaixoak eta arraroak direla esaten duen estereotipoa indartzeari? Beldurra diozu inguru heterosexualean zu baztertzeari? Beldurra diozu lesbianek eta gayek zu baztertzeari? Beldurra diozu tratu txarrak jasan dituzula onartu eta esaten baduzu, zure joera sexuala agerian uzteari, oraindik esan gabe duzulako?

Tratu txarrak izan badituzu:

- Ez egin ezer pasatuko ez balitz moduan. Hitz egin baten batekin. Tratu txarrak eman dizkizunaren botere zati bat zure isiltasunean babesten da. Sarritan, biktimak lotsatuta egoten dira eta ez dute nahi inork beraien barneko arazoen berri izaterik.

- Nahiz eta egoera horiek zailak izan, ez pentsatu ezin duzunik ezer egin, ez duzunik babesik tratu txarrak ematen dizkizunaren aurrean.

- Ez egon bakarrik. Bakardadea tratu txarren aliatua da. Eskatu laguntza etxekoei, lagunei edo hurbilen duzun LGTB elkarteari.

- Aldez aurretik planifikatu zer egin behar duzun erasoren bat izanez gero.

- Salatzea planteatu. Nahiz eta eragozpen sozial eta legal ugari izan, nahiz eta beldurra izan, ez egon isilik. Salatzea indarkeriazko girotik ateratzeko pausua da.

- Lesbiana bazara, tratu txarrak izan dituzten emakumeentzako baliabideak zuretzat ere badira.

lunes, 14 de diciembre de 2009

Oinarrizko 10 arau genero indarkeria ez onartzeko

1. MAITE ZAITUDALAKO, PAREKO NAHI ZAITUT

Bikotea bi dira, parekoak, nire parean dena, ez gorago, ez beherago. Berdintasuna ez da moda bat, edo aste barruan ordu batzuk erabili eta asteburuetan eta oporretan ahaztekoa. Horrelako berdintasunak ez digu lagunduko bikote-harreman onak izaten.

2. ERASOA EZ DA INONDIK INORA ERE NORMALA, EZ FISIKOA, EZ SEXUALA, EZ PSIKOLOGIKOA.

Ezin dugu pentsatu beroaldia izan denik, pasatuko denik, ez zela horrenbesterako izan, Desberdintasunak eta zailtasunak normalak dira, gatazkak onak dira harremanak sendotzeko, baina horrek ez du zerikusirik indarra erabiltzearekin, kontrolatzeko nahiarekin, gainetik zaudela erakustearekin..

3. EZ DAGO ERRESPETU GABEKO MAITASUNIK

Gure bikotekideari errespetua eskatu behar diogu. Gure harremanean, bikotekidea aintzat hartu eta zaindu egin behar dugu eta, baita, gu geu ere aintzat hartu eta zaindu egin behar gaitu.

4. BETI DAGO EZ ERASOTZEKO AUKERA

Erasotzen duen pertsonak aukeratu egiten du erasotzea, pentsatzen duelako ahal duela egin eta egiteko eskubidea duela. Neskok zein mutilok kontrolatu egin dezakegu gure jokaera. Agresibitatea egoki bideratzeak gure eta bestearen autoestimua finkatzen ditu, indartu egiten gaitu eta lasai eta ondo sentitzen gara.

5. MAITASUNAK GEHITU ETA BIDERTU EGITEN DU

Maitasunak ez du kentzen edo zatitzen. Nire izaerari uko egin behar badiot harremana mantentzeko, zerbait ez dabil ondo, batere ondo. Bikotean, batek baino ez badu zaintzen edo uko egiten, harremana ez dabil ondo. Maitasunak onerako behar du, orduan jakingo baitugu harremanak merezi duela.

6. INDARKERIA EZ DA GAIXOTASUNA

Eraso egiten duten mutilak ez dira gaixoak; beraz, ez dira sendatzen. Gaixotasunak tratatu egiten dira, batzuek onera egiten dute eta besteek ez. Mutil batzuek, dituzten ideiengatik, emakumeen gainetik daudela pentsatzen dute. Hori dela eta, jo egiten dituzte... boterea eta kontrola lortzeko. Horren aurrean, tratamendurik onena ospa egitea da. Tentagarria da pentsatzea ideia eta jokaera txar horiek hitz eginda, negoziatzen, promesekin konponduko direla, eta nahi bai horrela balitz, baina errealitateak dio horrelakoetan ez dutela balio.

7. MAITASUNA EZ DA INDARKERIAREN ANTIDOTOA

Indarkeriaren antidotoa indarkeria Eza da. Ez alferrik galdu zure indarrak zeure buruari galdetzen zergatik egiten duen hori maite bazaitu. Ez suposatu ezer, maitasun-harremana lana da, zoragarria eta gogorra, on egiten diguna. Gezurra da: maite zaituenak ez dizu negar eragiten; barre eragiten dizu, pentsatzea eragiten dizu. Ez pentsatu baten bat asko maite baduzu, bere jokaera aldatzea lortuko duzunik. Seguruenez, lortuko duzuna izango da denbora alferrik galtzea eta zure sufrimendua handitzea.

8. INDARKERIA JASATEAK EZ DU INOLAKO MERITURIK

Zure harremanean indarkeria agertu bada, normala da gauzak aldatzea nahi izatea. Ulertzekoa da hobetzen saiatzea era askotara, baina, pentsatu apur baten, noiz arte jarraituko duzu horrela? Egin kontuak: harremanak suposatzen dizkizun sakrifizioak eta galera guztiak zenbatu (lagunak, denbora, autoestimua, naturaltasuna, ilusioa...) eta argi ikusiko duzu kontuek ez dutela koadratzen.

9. MAITASUNAK EZIN DU DENA LORTU

Maitasuna sentimendua da eta urik egiten ez bazaio, sikatu egiten da. Maitasunak zaintza behar du, samurtasuna, pasioa, eta berari esker, bizitzako une zailak gainditu egiten ditugu. Baina, maitasunak ez du mirarik egiten, ez du izaera erasotzaileak aldatzen, ez du harreman txarrak hobetzen, ez du aldatzen arazoa duenik onartzen ez duena.

10. INDARKERIA EZ DA HUSKERIA

Indarkeria jasaten duten neskak ez dira tontoak, edo ahulak eta, behin edo behin, beraiek ere pentsatu izan dute hori " besteei " gertatzen zaiela, eta ez beraiei; Ez zitzaien burutik pasatu tratu txarrak jasatea. Are gehiago, beraiek ere pentsatu zuten: niri horrelakorik gertatuz gero, ospa egingo nuke... horrelako tipoari ez diot nik txikienik ere onartuko! Ba, ederto. Dirudienez, ez dugula jasango pentsatzeak ez gaitu babesten erasoen aurrean. Indarkeria jasaten duten emakumeak hondamenezko harremanean daude murgildurik, batzuetan konturatu ere egin gabe. Bikotekideari lotzen dion soka ez dago maitasunean oinarrituta, kontrolean baizik.

miƩrcoles, 9 de diciembre de 2009

Emakumeen aurkako indarkeria bizi-zikloan zehar

ALDIA eta INDARKERIA MOTA

Jaio aurrekoa
Sexuaren araberako abortua; haurdunaldian kolpeak ematea.

Umezaroa
Neskak hiltzea; abusu fisiko eta emozionala; urtebetetik beherako neskek elikadura eta tratamendu mediko desberdinak jasotzea, sexu abusua, bortxaketa.

Haurtzaroa
Neskak ezkonaraztea; genitalak ebakitzea; familiakoen eta ezezagunen aldetik sexu abusuak jasotzea; elikadura eta tratamendu mediko desberdinak jasotzea; haurren prostituzioa.

Nerabezaroa
Ikaskideen eta bikotegaien aldetiko indarkeria; arrazoi ekonomikoek bultzatutako sexu harremanak; sexu abusuak lanean; bortxaketa; sexu-jazarpena; derrigorrezko prostituzioa.

Heldu direnean
Bikote gizonak abusua eragiten dio emakumeari; ezkontza barruko bortxaketa; dotearekin loturiko abusuak eta hilketak; ezkontza barruko hilketak; abusu psikologikoa; sexu-jazarpena lanean; sexu-jazarpena; bortxaketa, emakume minusbaliatuen abusua; bortxaketa “gerrako arma” gisa.

Zahartzaroa
Alargun eta emakume nagusien abusua; bortxaketa; bikote barruko tratu txarrak
.

martes, 1 de diciembre de 2009

Sexu-askatasunaren aurkako delituak

Ezaugarriak:

Sexu-harremanek libreak izan behar dute, indarkeriarik eta derrigortzerik gabekoak, bai ezkontzan, baita ezkontzatik kanpo ere.

- Beste pertsona batek (emakumeak edo gizonezkoak), gure borondatearen aurka edo adostasunik gabe, sexu-harreman bat inposatzen digunean sexu-askatasuna urratzen da.

- Zigor Kodean delitu gisa zigortzen dira sexu-askatasunaren aurkako eraso horiek, eta urte batetik 15 urte bitarteko espetxe-zigorrak ezartzen zaizkie erantzuleei. Iraupena egintzen larritasunaren, biktimari egindako kalteen eta beste inguruabar batzuen (biktimaren ezaugarriak, erantzukizun kriminalaren astungarriak, kasu zehatza, etab.) araberakoa da.

- Kontuan izan behar da Zigor-arloko Legeak partaidetza-mota desberdinak zigortzen dituela delituetan: egilea, sopikuna edo estaltzailea.

jueves, 19 de noviembre de 2009

Genero indarkeria: emakumeen minbizia

Genero indarkeria gaur egungo gizartearen minbizia da. 2004an, bederatzi emakume hil ziren Euskal Herrian, tratu txarren ondorioz. Zerk bultzatzen du zenbait gizon emakumeak erasotzera? Txikitatik ikasten al dira halako portaera bortitzak?

Zoritxarrez, emakumearen aurkako indarkeria eguneroko albiste da. Beraz, gizartean dagoen errealitate beltz baten ispilu da: makina bat emakumek jasaten dute genero indarkeria. Ertzaintzat eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, iaz 2.030 emakumek salatu zuten genero indarkeria Hego Euskal Herrian, hau da: egunero bost batek! Badira, gainera, beldurrak jota erasotzailea salatu nahi ez duten emakumeak. Salatu ala ez, haren eskuetan hiltzen dira batzuk.

Erasotzaileen artean ez dago adinik

Salaketak jarritako emakume gehienak 35-55 urte bitartekoak dira; hala ere, gehienak gazteak dira.

Erasotzaileei dagokienez, ez dago adinik. Hala dio Javier Madina psikologo donostiarrak: "Muturreko kasuetan helduak dira nagusi, baina gazteak ere badira". Madinak erasotzaileekin terapiak egiten ditu, eta dioenez, ez dago erasotzailearen profil psikologiko jakina zehazterik, baina guztiek ezaugarri komunak dituzte: oso matxistak dira, emakumea gutxiesten dute, oldarkorrak dira… "Halako jarrera bortitzak ez dira derrigor haurtzarotik antzematen: Batzuk bortitzak dira txikitatik, familiarekin, lagunekin… eta jarrera hori mantentzen dute bikotekidearekin, eta seme-alabekin. Hala ere, gehienek bizitza normala dute, eta ez dirudi arazoak dituztenik; baina, batzuetan, bortitzak dira bikotekidearekin. Halako erasotzaileak ezin dira aldez aurretik antzeman".

Gizonezkoak etxeko errege

Zerk bultzatzen du pertsona bat ondoko emakumea erasotzera?

Esaten denez, etxean ikusitakoak eragina du pertsonen jarreran eta portaeran. Haur batek, bere ama aitaren menpeko, erabakirik hartzeko gaitasunik gabe, eta besteen gutizien zerbitzura ikusi badu, etorkizunean bikotekidea hala ikusiko duela pentsa daiteke. Madinaren ustez, kasu batzuetan hori horrela da, eta emakumeak gizonezkoak egindako irudiarekin bat egiten ez duenean, matxinatzen denean, orduan sortzen dira erasoak. "Hala ere, erasotzaile asko askeago hezi dituzte. Kontua da, etxean errege izan direla, eta status horri eutsi nahi diotela. Edozein kasutan, emakumea gizonaren zerbitzari izan nahi ez duenean, orduan hasiko dira arazoak".

Beraz, neskak eta mutilak berdintasunean heztea ezinbestekoa da halako portaerak saihesteko. Etxea litzateke landu beharreko lehen esparrua, baina ikastetxean ere lan handia egin behar da. "Gaur egungo neska-mutilek garai batean baino heziketa zuzenagoa dute, baina oraindik ere okerreko portaerak ikus daitezke eskoletan: esaterako, gaztetxo askok mutilek pribilejioak dituztela uste dute".

Berdintasuna ezinbesteko

Azken urteetan, neska-mutilak berdintasunean hezteko eta genero indarkeria aurreikusteko programak abiatu dituzte ikastetxeetan. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, "Nahiko" programa abiatu zuen duela bi urte. Bizkaiko ikastetxe batean eta Gipuzkoako hiru ikastetxetan garatzen ari dira programa hori, tartean Idiazabalgo herri eskolan. "Gure eskolan berdintasunean hezi gaituzte, baina zenbait kasutan, mutilek neskak baztertzen dituzte. Gainera, neskak eta mutilak taldeka ibili ohi dira, elkarrekin nahastu gabe. Programa egiten hasi ginenetik hori guztia aldatzen ari da", dio Joseba Arrizabala Idiazabalgo herri eskolako ikasleak. Iritzi berekoa da Maialen Mendizabal ikaslea ere: "Gaur egun, lagun artean neska-mutilak batera ibili ohi gara, nahastuta, eta hori ona da".

Josune Jauregi bertako ikasleak ere begi onez ikusi du ekimena: "Hiru esparrutan lan egiten dugu: ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Neska-mutilek etxean ikusitako eredua errepikatzen dute, eta etxean berdintasunik ez badago, haurrak emakumea gutxietsi dezake. Eskolan, bestelako eredua jasoko du, ordea".

Azken urteetan kasu gehiago

Esan bezala, genero indarkeria eguneroko kontua da. Estatistiken arabera, kasuen bataz bestekoa gora egiten ari da nabarmen. Zergatik? Madinak eman digu erantzuna: "Garai batean, emakumeak isildu egiten ziren, eta ez zuten harremana bertan behera uzten. Azken 30 urtetan, ordea, emakumeen artean bilakaera garrantzitsua gertatu da: emakume asko ez daude halako portaerak jasateko prest, eta genero indarkeria emanez gero, bertan behera uzten dute harremana. Horrek gizonaren portaera bortitza areagotzen du, eta zenbaitetan kasua hilketan amaitzen da".

Eta gizonekin zer gertatu da? "Gizonak atzera geratu dira. Dagoeneko ez dira klan-aren buruzagiak, eta horrek ezinegona sortzen die. Ez dituzte errealitate horri aurre egiteko baliabideak, eta galduta daude", esan digu psikologo donostiarrak.

martes, 17 de noviembre de 2009

Sexu-indarkeria

Sexu-erasotzat jotzen dira, beste pertsonaren adostadunik gabe gauzatzen diren izaera sexualeko jokabide guztiak. Honelako jokabideak hartzen ditu: exhibizionismoa, hitz lizunak, zirriak, laztanak, bortxaketak etab.

Hiru motatako sexu-erasoak beriztu daitezke:

- Sexu-erasoak: Indarkeria edo larderia tarteko direla gertatzen diren erasoak dira. Kasurik argiena bortxaketa da, bortxaketaren forma guztiak. hain zuzen.

- Sexu-abusuak: Indarkeriarik edo larderiarik gabe egiten diren erasoak dira. Hemen sartuko lirateke nahimena edo adimena gutxiagotuta edukitzeagatik baliozko adostasunik eman ezin dezaketen pertsonen aurka egindako abusuak.

- Sexu-jazarpena: Sexu-izaerako erasoak dira, hitzezkoak, hitzik gabekoak edo fisikoa, laneko, eskolako edo antzeko harremanen barruan gertatzen direnak. Honakoak izaten ditu xede eta ondorio: pertsonaren duintasunari erasotzea edo pertsonaren inguruan aurkako giro beldurgarria, laidogarria, umiliagarria eta iraingarria sortzea.

Bestelakorik pentsa daitekeen arren, sexu-erasoak askotan familiartekoengandik edo ezagunengandik etortzen dira.

Sexu-erasoek, kalte fisikoez gain, ondorio psikologiko larriak eragiten dituzte biktimengan. Ondorio horiek luzaroan irauten dute erasoaren ondoren eta eskuarki, laguntza psikologiko espezializatua eskatzen dute gainditu ahal izateko.

Akotan sexu-erasoak ez dira salatzen. Ez salatzen horren arrazoia da orain arte beti izan dela tolerantzia zabala gizartean horrelako jokabideen aurrean, eta elkarrekin lotuta dauden beste eragile batzuk ere badira, hala nola: erasotzaileak zigortu egingo duen beldurra, edo gertatutakoaren errudun joko duten beldurra, gertatutakoa jendearen agerian geratuko den lotsa, familiaren edo gizartearen babesik eza, erasoak biktimaren gogoan eragindako nahastea edo azaldu psikologikoa, informazioarik eza etab.

lunes, 16 de noviembre de 2009

Indarkeria sexistari buruzko oker batzuk

Joan den astean, gure herrialdean berriki gertaturiko eraso sexistarik bortitzenetako biren berri jakin dugu: batean, emakume gazte bat hil du bikotekideak, Santurtzin; bestean, sexu eraso bortzitza egin diote emakume gazte bati, Bilbon. Zoritxarrez, asteroko estatistika askoz ere zabalagoa da, nahiz eta bi gertaera horiek komunikabide guztietan agertu diren, beren gordinkeria eta lazgarrikeria guztiagatik. Seguruenik, herritar asko lotsaturik eta haserre sentituko gara, ikusirik mundu honetan emakume izatea arrisku larria dela oraindik ere. Orain, erasotzaileak salatu eta arbuiatu besterik ezin dugu egin, eta biktimei elkartasuna eta konpromisoa adierazi, baina berandu da jadanik. Bitxia da, baina kasuetako bat genero indarkeriako epaitegi deitzen zaien horietako batean epaituko dute -deitura okerra da inondik ere, gakoa sexismoa baita-, eta bestea, berriz, sexu erasoa, ez dute genero indarkeriatzat joko.

Azken urteotan, ikusi dugu agerian geratu dela harreman afektiboetan gertatzen den indarkeria sexista, baina horrek ekarri du indarkeria sexista zatika ikustea, bere osoan ikusi beharrean. Analisi oker larria da, eta, ondorioz, mito eta jarduera oker asko zabaldu dira, NBEren hitzetan esanda, «gizadian gehien zabalduriko krimen ezkutukoa» eragozteko eta borrokatzeko baliabideak lantzerakoan.

Zein dira oker horiek? Aurrenak zerikusia du indarkeriaren zergatiarekin eta sorburuarekin. Argi dago, zerbaiti tratamendu egokia jarri ahal izateko, ezinbestekoa dela, arazoa aztertu eta borrokatzea ez ezik, diagnostiko etiologiko ona egitea ere. Ikus dezagun banaka zer galdera egin beharko genituzkeen:

Munduan ba al da indarkeria espezifiko bat emakumeen kontra, emakume izateagatik? Erantzuna, zoritxarrez, baiezko borobila da.

Nondik dator? Indarkeria horren sorburua, azken 30 eta gehiago urtean organizazio feministek salatu dugun bezala, sexismoa da, eta ez besterik; sexismoa indartu egiten da indarkeria erabilita, eta, era berean, sexismoarentzat irauteko tresna bat da indarkeria. Sexismoak jokabideak (generoa) zehazten segitzen du, eta boterea banatzen, sexuen arabera.

Ezin ahaztu dugu indarkeria zerbaitetarako tresna bat dela erabiltzen duenarentzat, baina, era berean, menperatu nahi den zernahi talde zapaltzeko baliabide ezin hobea dela, kasu horretan emakumeak zapaltzeko. Indarkeriari heltzeko orduan, kontuan izan behar dugu ez direla kasu bakanak, baizik eta egitura sexista baten barrenean daudela, egitura horrek zilegitasuna ematen diela eta, horregatik, delitu bakarra dela non biktima errudun sentitzen den eta erasotzailea bere delituaren ondorioen biktima sentitzen den, «azken batean egin behar zuena egin baitzuen, tratu txarrak ematen baditu, edo emakumeak probokatu baitzuen, sexu erasoa egin badu».

Matxista bortitzenek 70-90 emakume hiltzen dituzte urtean, baina indarkeriak baditu beste datu odoltsu batzuk Espainiako Estatuan; esaterako, bi milioi emakumeri baino gehiagori tratu txarrak ematen dizkiete (Emakumearen Institutua, 2005), eta zortzi bortxaketatik bat bakarra salatzen da, guztira 20.000 izaki (Urra, 2003). 2000. urtean, Europako Kontseiluak ohartarazi zuen indarkeria sexista dela 16-44 urte bitarteko emakume europarrak hiltzeko edo elbarri gelditzeko lehen eragilea. Indarkeria, zuzenean, emakume jakin batzuek sufritzen dute, baina, oro har, emakumeek beldurra diote indarkeriaren biktima izateari. Horren ondorioz, emakumeok bizitzan dugun jarrera «nahi bai baina ezin» halako bat da, eta gizonena, aldiz, «nahi dut edo ez dut nahi».

Indarkeria sinboliko horren erakusgarri bat agertzen da gure inguruko emakumeei galdetzen diegunean ea berdin eta toki berberetan ibiltzen diren egunez eta gauez. Autodefentsa feministako ikastaroetan dabiltzan emakumeek, esaterako, esaten dute emakume izatea dela segurtasun falta eragiten duten faktoreetako bat. Segurtasun falta edo beldur horrek ederki mugatzen ditu giza eskubideak, eta, era berean, ederki mugatzen du modu librean aukeratzeko gaitasuna. Beraz, defizit demokratiko larria dakar.

Baina orain galdetu beharko genuke nola indartzen den gizartean emakumeen beldurra eta ahultasun sentipena, eta nola indartzen den indarkeria maila batzuen erabilera «toleratzeko modukoa», bai kultura transmititzeko tresnen bitartez -emakumeen gorputza objektu bihurtuta, maitasuna jabetza gisa hartuta, maite zaituenak negar eginaraziko dizula sinetsarazita...- eta bai gazteei bidaltzen dizkiegun mezuen bitartez -«kontuz zer egiten duzun, norekin zoazen, ero asko dabil kalean»-; horrek guztiak segurtasun falta handitu besterik ez du egiten, mezu horiek ez baitute azaltzen norengandik edo zergatik babestu behar dugun geure burua, eta ez baitigute erakusten nola babestu behar dugun. Gainera, horrek guztiak lagundu egiten du emakumea erruduntzat jotzen zerbait gertatzen bazaio, eta uste ustelak zabaltzen ditu erasotzaileari eta haren motibazioei buruz. Alde horretatik, nahikoa da gogoraraztea nola erantzun ohi duen erasotzailearen inguruak, haren delituen berri dakienean: gizon «normala» dela esan ohi du. Bi elementu interesgarri daude horretan: bata, zer den gizon normala izatea, beharbada normaltzat jotzen delako gizonek portaera sexistak izatea; bestea, erasotzailea zer gizon mota izatea espero dugun.

Horiek denak beharrezko elementuetako batzuk besterik ez dira, beharrezkoak gaia aztertu eta konponbide eraginkorrak emateko. Izan ere, indarkeria hori sexista eta egiturazkoa dela ahazten badugu, ezinezkoa da indarkeria selektibo, zabaldu eta unibertsal hori aztertzea eta borrokatzea.

Zoritxarrez, bi emakume horientzat berandu iritsi gara, eta orain justizia sistemak jardun behar du delitugile horien kontra. Baina ez dugu ahaztu behar gure esku dagoela erasotzaileak geldiaraztea eta, gure kontzientzia ez-sexistaren bitartez, haien ekintzei zilegitasuna kentzea. Horregatik, lanean segituko dugu kalean, tabernetan, ikastetxeetan, lantokietan, etxeetan eta nonahi, sexismoa eta haren indarkeria borrokatzeko eta salatzeko. Konpromiso garbi batekin: nik ez baitut erasorik egiten eta ez baitut onartzen inork emakumeei erasotzerik.

viernes, 13 de noviembre de 2009

Indarkeria generoa jasaten duten emakumeen ondorio psikologikoak


Waker eta Dulttonek definitu zuten indarkeria generoa jasan duten emakumeen sindromea. Sindrome honen ezaugarri nagusia emakumeak indarkeria ematen den egoerari egokitzeko gaitasuna da. Honako hau, indarkeriak sortutako min psikologiko eta psikikoa niminotzean, haiek ezeztatzean, disoziazioan, edota bere burua, beste jendea eta mundua ikusteko modua aldatzean oinarritzen da. Baita ere garatu dezakete “estres postraumatikoaren sindromeak”: depresio sentimenduak, disfuntzio sexualak, jarrera adiktiboak, autoestima baxua, amorrua, erruduntasuna, barneko opila eta zailtasunak harreman pertsonaletan.
Bizitako indarkeria egoeraren ondorioz, emakume hauek lo egiteko zailtasunak dituzte; ametsgaitzak(denbora guztian alertan daude; hiperbigilanteak, asekorrak, kontzentrazio arazoekin) non bizitakoa berbizitzen dute. Gainera, emakume hauek daukaten nibel handiko antsietateak beren osasunean ondorio latzak ekar ditzakete, alterazio psikosomatiko eta depresio handiekin batera.


Xehatutako emakumearen sindromearen garapena

Marie-France Hirigoyen xehatutako emakumeen sindromearen garapenean bi fase desberdindu zituen; menpekotasun fasea eta epe luzeko fasea.
Lehenengo fasean, emakumea nahastuta eta desorientatuta dago, bere itentitateari eta errealitateari uko egitera ailegatu dezake. Bere erasotzailearen erruduntasuna ukatu egiten du eta honek errealitatea ez ikustea eragiten dio biktimari. Erasotzaileak biktimaren bizitzan sortutako zentsu falta dela eta biktima nekatuta sentitzen da, ezin du arrazionalki ulertu bere bizitzan gertatzen dena. Bakardadea sentitzen dute bai gizartearen barnean, bai bere familiaren barnean. Beti tentsioan daude, beren bikoteak erantzun erasokor bat noiz izango duen beldur.
Marie-France Hirigoyen epe luzeko eraginak biktimak beren errealitateaz jabetzen den momentutik hasten direla esaten du. Emakumeak bizi duten benetako errealitateaz konturatzean, hasierako “shok” bat jasaten dute, non engainatuak, lotsaritutak eta minduta sentitzen dira. Gainera ohikoa da axolagabekeria eta arduragabekeria sentitzea, inguratzen dieten gauza eta pertsonengandik interesa galduz.